argia.eus
INPRIMATU
Baionako bestak abiatu dira, sarrera kobratuz eta protokolo feminista prest
  • Ostiraletik igandera bitartean kanpokoek Baionan sartzeko ordaindu behar dute. Herriko Etxearen erabakia da eta argudiatu du segurtasun neurri zorrotz eta garestiei aurre egiteko erabiliko dela dirua.

Nahia Ibarzabal @NahiaIbarzabal 2018ko uztailaren 26a
Baionako besta alternatiboen irekiera jendetsua

16 urtetik beherakoek izan ezik, beste guztiek 8 euroko sarrera ordaindu beharko dute. Segurtasuna bermatzeko 2011n Frantziako Estatuak urtean 400.000 euro gehiago jartzeko eskatu zion udalari. Harrezkero, segurtasun neurriak zorroztu egin dira eta 140.000 euro gehiago jartzea eskatu dio Frantziako Gobernuak Baionari. Hori jakinda, gastuei aurre egiteko kanpotik doazenei sarrera ordainaraztea erabaki du Herriko Etxeak.

Sarrera ordaintzearen aurka protesta eginez, peñek abiatuta beltzez jantzita Herriko Etxearen atzeko plazara joan dira herritarrak asteazkenean, besta alternatiboen irekieran.

Baiona ere eraso sexisten aurka

Zizpa gaztetxeak antolatuta besta alternatiboak abiatu dira, azken urteetan bezala.

Irekiera alternatiboan kolektibo feministak izan du protagonismoa eta pozik agertu dira, eraso sexisten kontra Herriko Etxeari eskatu dioten protokoloa onartu duelako honek: alegia, erasoren baten salaketa egonez gero, Herriko Etxeak auzian parte zibil gisa aurkeztuko du bere burua.