Baionako besta euskaldun, herrikoi eta feministak antolatu ditu aurten ere Baionako gazte asanbladak. Patxa plaza famatuan jarriko dute aurten ere txozna gunea. Bestak bertze modu batean antolatu eta ospa daitezela aldarrikatuko dute uztailaren 24tik 28ra.
Uztailaren amaieran iritsiko dira Baionako bestak, 24tik 28ra hain zuzen, eta aurten ere Baionako Gazte Asanbladak Baionako Besta Alternatiboak antolatu ditu, hiriburuko bestak giro euskaldun, herrikoi eta feminista batean ospatu ahal izateko.
Irekidura alternatiboarekin emango diete hasiera gazteek bestei. Uztailaren 25ean aldiz nabarmentzekoa izango da arratsaldeko 6etan ospatuko duten poteo feminista, eta 26 eguerdian Amets Arzallus eta Maialen Lujanbioren bertsoek alaituko dute Patxa plaza. 27an gazteen txanda izanen da, gazte bazkaria ospatuko baitute, eta uztailaren 28an "zizpaperifarekin" eta presoen aldeko bazkariarekin emanen diete bukaera bestei. Musikarik ere ez da faltako, kontzertu andana antolatu baitute gazteek 5 egunetarako: Guda Dantza, Frikun, Rodeo, Doctor Mefisto, Anita Parker edota Zazkel izanen dira, bertzeak bertze Patxa plazako eszenatokira igoko diren taldeak.
Bertzalde, gazte asanbladak besta alternatiboen balioak jarri nahi izan ditu mahaigainean. Besta euskaldunak antolatu dituzte, bestak ere momentu ona baitira gazteentzat euskarari leku pribilegiatu bat eman ahal izateko. Besta herrikoiak ere aldarrikatzen dituzte, herritarrak kontsumitzaile huts gisa hartu ordez, herritik eta herriarentzat antolaturiko bestak nahi baitituzte Baionako gazteek. Eta azkenik, eraso sexistarik gabeko bestak aldarrikatu dituzte eta erasotzaile oro kanporatua izanen dela ohartarazi dute.
Azkenik, gazte asanbladak bere iritzia adierazi nahi izan du Baionako bestetan kaleak itxi eta sarrera bat ordaintzeko egin den proposamenaz: gazteek horri begiratu baino, besta eredu osoan arreta jartzeko eskatu dute, eta nork norentzat antolaturiko bestak nahi dituzten baionaztar guztien artean erabakitzea proposatu dute.