argia.eus
INPRIMATU
Baionako Besta Alternatiboak: Patxa plaza bete ekitaldi
  • Baionako Gazte Asanbladak egitarau zabala antolatu du Patxa plazan, festa eredu herrikoi, euskaldun eta feministaren topagune izatea helburu. Halaber, ondoko urteetan osatuz joango den hiriko gune alternatiboen mapa interaktiboa aurkeztu du kolektiboak.

Jon Torner Zabala @jtorner 2023ko uztailaren 27a
Besta Alternatiboen irekiera ekitaldian –Les Pyrenees ostatu gaineko balkoian– Maurizia kolektiboa eta Herrian Bizi plataforma omendu ditu Gazte Asanbladak. / Irudia: Zizpa Gaztetxeak sareratutako bideotik

"Baiona Ipar Euskal Herriko hiri nagusia izanik, ezinbestekoa iruditzen zaigu Euskal Herriko eta Baionako kulturaren zutabea den hizkuntzak presentzia pribilegiatu bat izatea bestetan", azaldu dute Zizpa gaztetxeko kideek. "Bestak euskararen eta euskal kulturaren arnasgune izan behar dira eta, horregatik, Patxa plazan antolatutako txosna gunean, euskarari merezi duen tokia eskainiko diogu".

Autogestioa aldarrikatu dute, eta ohartarazi "herritarren parte-hartze murritzean" oinarrituriko festa eredu ofizialak "gainkontsumoa eta arduragabekeriak" eragiten dituela.

"Bestek, ezagutzen ditugun ereduan, xahuketak, hondakinak, eta kutsadura masiboa" eragiten dituztela salatu dute, eta gaineratu  "urtez urte aztarna ekologikoa murrizteko" konpromisoa hartu dutela Besta Alternatiboetan esku hartzen duten taldeek. Zentzu horretan, tokiko hornitzaileekin lan egiten dutela azaldu dute, material berrerabilgarriak baliatzen dituztela, eta orokorrean hondakinak murrizten saiatzen direla. Eredu aldaketa horren norabidean jarduten duten hainbat elkartek egiten duten lana nabarmendu dute, hala nola Laborarien Xokoak, Patxokik, Biltxokok, Züzülük, Epaiskak eta Patxondok. Hain justu, Patxa plazan soilik ez, Züzülü gunean, Patxokian eta San Andres plazan ere izango dira kontzertuak.

Bestalde, festak euskaraz bizi nahi dituztela azaldu dute –"euskal kultura eta musika plazara jalgiko ditugu"–, baita festa feministak nahi dituztela ere "bortizkeria eta eraso mota guziak gaitzetsi eta borrokatuko ditugu"–