argia.eus
INPRIMATU
LGBT+ eragileek Baionako apezpikua salatu dute Aita Santuak bikote homosexualez esandakoa desitxuratzeagatik
  • Eliza katolikoak abenduaren 18an argitaratu zuen Fiducia supplicans agirian bikote homosexualak bedeinkatzeko aukera eman zuen. Abenduaren 29an, beste agiri baten bidez, Marc Aillet Baionako apezpikuak Aita Santuaren hitzak bere modura interpretatu zituen. Bere elizbarrutiko apaizei aholkatu zien homosexualei bedeinkapenak banaka ematea eta konbertsio terapiak egitea eskatzea. Les Bascos elkarteak Ailleten agiria kritikatu du. Euskal Irratiek, berriz, Altxalili taldeko kide bat elkarrizketatu dute.

ARGIA @argia 2024ko urtarrilaren 08a
Marc Aillet, Baionako apezpikua. Argazkia: Infovaticana.

Les Bascos: “Aholku horiek Errepublikako legezkotasun printzipioen aurkako eraso jasanezinak dira”

Les Bascos elkarteak (LGTBI pertsonen eskubideak aldarrikatzen ditu batez ere Ipar Euskal Herrian) argitara eman duen oharrean, Baionako apezpikuak urte luzetan LGBT+ pertsonen eta emakumeen aurka egindako adierazpenen eta hartutako jarreren errepasoa egin du. Hala, gaineratu du inor ez litzatekeela harritu behar haren jarrera zatitu zale eta atzerakoien aurrean. Elkarteak azaldu du, oraingoan, duintasunari eta LGBT+ pertsonen eskubideei uko egitearen bidean beste pauso bat eman duela. Les Bascosen ustez, Vatikanoak argitaratutako artikulua, Fiducia suplicans “sekulako iraultza da, bikote homosexualak bedeinkatzeko baimena eman izana LGBT+ pertsona katolikoei eta haien familiei egindako keinua da”.

Aillet apezpikuaren galdera jaso du elkarteak: “Harreman homosexual baten bidez elkartutako bikoteak edo egoera irregularrean dauden bikoteak bedeinkatuz gero, ez ote dute sinetsiko batasun hori legitimoa dela?”. Elkarteak kritikatu du apezpikuak bikote izateko eskubidea ukatu diela homosexualei, eta salatu du apaizei eskatu diela harrera bikoteei egin beharrean pertsonei banaka egitea. Apezpikuak apaizei aholkatu die bedeinkapen bila elizara gerturatutako homosexualei sexu orientazioa bihurtzera eta bikote harremana moztera gonbidatzeko. Kontseilu hori eman izana gaitzetsi du Les Bascos elkarteak. Apezpikua Baionako elizbarrutiko apaizei mintztu zaie, alegia, Ipar Euskal Herri osoa eta Pirinio Atlantikoetako gainerako lurraldea ere barne hartzen ditu elizbarrutiak.

Les Bascosen iritziz, “aholku horiek LGBT+ pertsonen eta Errepublikako legezkotasun printzipioen aurkako eraso jasanezinak dira”. Beste behin, Baionako apezpikuaren pentsaera "atzerakoi, fundamentalista eta zatitu zalea" salatu dute.

Altxalili kolektiboa: “Aita Santuak emandako urratsa, urrats ttipi bat da”

Euskal Irratiek Ipar Euskal Herriko barnealdean aritzen den Altxalili taldearen iritzia jaso dute. Taldeko ordezkariak gogorarazi du konbertsio terapiak legez kanpokoak direla eta debekatuta daudela Frantziako Estatuan eta Espainiako Estatuan. Taldearen ustez, konbertsio terapiak “izugarrizko bortizkeria” dira. Haien ustez, Elizako kontserbadoreek ez diete zuzenean aurre egin nahi Aita Santuaren esanei eta haien jarraitzaile kontserbadoreak atxiki nahi dituzte. Hala, haren hitzak okertu dituzte.

Euskal Irratiei eskainitako elkarrizketan hala baloratu ditu ordezkariak Aita Santuaren hitzak: “Aita Santuak emandako urratsa, urrats ttipi bat da, ez da gaizki, urratsez urrats ea Elizak onartzen dituen denak, ikusiko dugu".

"Aita Santuak errandakoa Ebanjelioaren edo Bibliaren aldekoa da, Elizak behar ditu onartu denak”. Elizaren barneko “lazgarriko hipokrisia” aipatu du elkarrizketatuak, eta esan du, adibidez, Parisen badela parrokia bat duela 30 urtez geroztik onartzen dituena bikote homosexualak eta eztei gisakoak egiten dituztela.