argia.eus
INPRIMATU
Baionako Albert Camus kolegioa okupatu dute guraso eta irakasleek
  • Irailaren 12an okupatu dute Baionako kolegioa, 5. mailako ikasgela bakoitzean bataz beste 30 ikasle daudela salatzeko. Irailaren 15erako irtenbiderik ez bada, bi eguneko greba egingo dute irakasleek. Mauleko Argia kolegioan ere arazo bera dute 5. mailan, eta bi kolegioetan klase gehigarri bat irekitzea eskatzen dute.

ARGIA @argia 2022ko irailaren 13a

Irailaren 15ean iragarriko ditu ikasturte honetako azken xehetasunak Pirinio Atlantikoetako zuzendari akademikoa den François-Xavier Pestel-ek eta mezu argia helarazi diote Baionako Camus kolegioko guraso eta irakasleek, okupazio honen bidez. Kazeta hedabidean Mikel Irastorzak kontatu duenez, irailaren 12 arratsaldean mobilizazioa egin dute kolegioaren atarian eta gaua bertan eman dute. Asteazkena bitarte bertan egoteko asmoa dute, klaseak kaltetu gabe, baina 8:00etatik 20:00etara protesta egingo dute ikastetxe barnean.

Bi gutun bidaliak zuzendari akademikoari

Irakasleek bi gutun bidali dizkiote gaia azalduz eta ikasgela gehigarri baten eskaera eginez Hezkunde Nazionaleko zerbitzuetako zuzendari akademikoari. Irakasleen ekimena sustengatzen duen UNSA sindikatuak Kazetari adierazi dionez, "eskaera ez da onartua izan, eta gela bakoitzeko 30 ikasle daude maila horretan, eta beste maila guztiak ere biziki kargatuak dira". Ekainean igorri zioten lehen gutuna eta irailean bigarrena. Azken honetan abisu eman zioten baliabide gehigarriak onartu ezean, "ekintza gogorrak" egingo dituztela eta irailaren 15 eta 16an greba egingo dutela.

Mauleko Argia kolegioan ere protestak

Mauleko Argia kolegioan ere 5. mailan 31 ikasle dituzte bataz beste ikasgela bakoitzean. Hori salatzeko azken asteetan protestak egiten ari dira eta irailaren 9an elkarretaratzea egin zuten guraso eta irakasleek. Ekimen honek hainbat hautetsiren sustengua jaso du: Iñaki Echaniz diputatua, Frederique Espagnac senataria, Jean-Pierre Mirande departamenduko kontseilaria eta Louis Labadot Mauleko auzapezarena.