argia.eus
INPRIMATU
Baiona: Saretzeko gogoa baieztatu da asanblada feministan
  • "Ipar Euskal Herria feminismotik saretu" leloa aukeraturik, ekimen ezberdinen bidez aritu dira helburu horren plazaratzen Ipar Euskal Herriko asanblada feministako kideak. 350 lagun batu ziren Baionan buruturiko manifestazioan.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2020ko martxoaren 09a
Baionako manifestazioa

“Ipar Euskal Herria feminismotik saretu” lema hautatu zuen aurtengo emakumeen nazioarteko borroka eguna kari Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa biltzen dituen asanblada feministak: asteburu guztian zehar sentitutako gogoa eta manifestazioaren ondotik egindako asanbladan aho batez baieztaturikoa. Antolakuntzaren nekeari gailendu zitzaion asteburuko momentu kolektiboetan jasotako indarra eta aitzina egiteko gogoz dira antolatzaileak. “Babes gune bat ukaiteko”, “ahanduntze pertsonalaz gain, kolektiboki ere ahalduntzeko”, “elkarrekin gogoetatzeko eta formatzeko”, “hitzordu feministak antolatzeko”, “ahizpatasun eta laguntasun giro horretan segitzeko”, “plazer bat delako”… asanbladan plazaraturiko arrazoiak anitzak dira baina guztiak zentzu berera doaz: elkartzen segitzeko beharra sendi dute. Ipar Euskal Herriko lau haizeetatik etorritako hogeita bost bat emakume aritu ziren ordu pare batez haien gogoen eta gogoeten partekatzen, Baionako udaletxearen plazan.

Aurten sekulan baino hitzordu gehiago burutu dituzte Ipar Euskal Herri mailan. Mauletik Irisarrira, Itsasutik Baigorrira zein Hendaiatik Baionara ala Azkainera, hamar bat hitzordu zituzten finkaturik. Nafarroa Beherean antolaturiko bizikletaldi feminista izan daiteke agian nabarmentzekoen artean, azken urteetan hitzordu feminista guti antolatu direlako baserri munduan. Asanbladan behin baino gehiagotan deitoratua izan zen gisara, baserri munduan ere kontzientzia feminista zabaltzeko behar handia sendi dute eta aldarri feminista bertaratu izanaz poz-pozik agertu ziren barnealdeko feministak. Irisarri, Ortzaize, Arrosa eta Baigorrin, herriz herri mezua zabaltzen aritu ziren, plaza bakoitzean banderola bat zintzilikatuz.

Baionako karriketan larunbat gauean buruturiko gaueko manifestazio ez-mistoa ere baikorki baloratu zuten antolatzaileek: “Kopuruz asko ez baginen ere, oihuz eta determinazioz beterik indartsu atera ginen karrikara”. Lehena izan zuten eta errepikatzeko gogoarekin daude.

 

 
350 lagun Baionako manifestazioan

350 lagun batu ziren Baionan burututako manifestazioan. Komertzio handiek zein herrietako hauteskundeetarako kanpainan diren hautagaiek egindako errekuperazioa deitoraturik, martxoaren 8a borroka eguna dela ohartarazteko denbora hartu zuten bukaerako hitzartzean.

Horrez gain, gaur egungo testuinguru sozio-politikoan ere kokatu zuten mobilizazioa: “Faxismoa baita honekin errimatzen duen antifeminismoa ere borrokatuko ditugula argi utzi nahi dugu. Zapalduen arteko elkartasuna eta zubiak eraiki nahi ditugu”. Hastapeneko eta bukaera hitza emakume etorkinei utzi zieten antolatzaileek: Mariam sahararrari eta Clemence kongoarrari. Haien herrietako emakumeen egoera labur aurkeztu eta eskubideen aldeko borroka aitzina eramateko deia luzatu zuten biek: “Ez dezagula inoiz ahantz azkarrak garela”, Mariamen hitzetan. Manifestazioan zehar ere behin eta berriz errepikatu ziren elkartasun mezuak, “so-so-so-solidarité, avec les femmes du monde entier” ("elkartasuna munduko emakume guztiekin") gisako esloganekin.

Ez zen ahotsa galdu arte oihukaturiko lelo bakarra izan eta behingoan, manifestazio zaratatsua bizitu zuen Baionak, bertan batu emakumeen plazer handirako.