argia.eus
INPRIMATU
Baiona eta Donibane Lohizune lotuko ditu larunbateko presoen aldeko martxak
Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko uztailaren 08a
Argazkia: Bake Bideak

Euskal presoek jasaten duten jazarpen juridikoaren aurka egiteko eta Esnalen eta Parot anaien askatasuna eskatzeko baliatuko da martxa. Ion eta Unai Parot eta Jakes Esnal 1990eko apiriletik daude kartzelan; eta aurten presondegian pasatako hogeita hamaikagarren urtea hasi dute. Hiru euskal presoek orain arte kartzelan igaro dituzten 31 urteak irudikatuz, kilometro kopuru bera duen ibilbidea antolatu du Bake Bideak elkarteak uztailaren 10erako. 

Baionako Roland Barthes zelaigunetik abiatuko da martxa goizeko 8:00etan. Angelu, Biarritz, Bidarte eta Getari zeharkatuko ditu, besteak beste, eta Donibane Lohizunen bukatuko da. Arratsaldeko bostetan, Luis XVI. plazan manifestazioa egingo dute.

Ibilbide osoa bost etapatan banatuko da: lehenengoa Baionatik Angelun barrena joango da, sei kilometroko bidea (8:00etatik 10:00etara arte); bigarrena, Angelutik Biarritzera, zazpi kilometroko bidea (10:00etatik 12:00etara arte); hirugarrena, Biarritzetik Bidartera, zazpi kilometroko bidea (13:00etik 14:50etara arte); laugarrena, Bidartetik Akotzera, bost kilometroko bidea (14:50etatik 16:00etara arte); eta azkena, Akotzetik Donibane Lohizunera, bost kilometroko bidea (16:15etatik 18:00etara arte).

Martxa itsas bazterretik egingo da, gehienbat. Antolatzaileek azaldu dute, ibilbide zaila ez den arren, luzea dela. Horregatik, aukera dago 31 kilometroak egin beharrean, bost etapen artean bat edo gehiago aukeratzeko.  

Parte-hartu nahi duten guztiei ura (litro bat, gutxienez) eta janaria eramatea eskatu diete. Bazkalorduan, piknika egingo da Biarritzeko Atalai gunean. Bestalde, uda izanik, eguzkitako krema eta txapela eramatea gomendatzen zaie hurbilduko diren guztiei.

Izena-ematea

Osasun egoera dela-eta, parte-hartzaile kopurua aurreikusi behar dute antolatzaileek. Beraz, martxa egin nahi dutenek online eman beharko dute abisua. Izen-emateko epea zabalik dago. Informazio gehiago lortzeko, webgunera jo daiteke.

 

 

 

Bake Bideak elkarteak egindako martxaren aurkezpena, ekainaren 9an. Argazkia: Bake Bideak