argia.eus
INPRIMATU
Baiona alternatiben hiriburu bihurtuko da asteburuan
  • Bizi! mugimenduak klimaren aldeko herri mobilizazioa antolatu du Baionan urriaren 6an, igandean.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko urriaren 02a
Iturria: enbata.info

Iniziatiba honekin, klimaren inguruko herritar mobilizazioa abiarazi nahi dute, 2015 urte amaieran Parisen eginen den COP21, aldaketa klimatikoaren inguruko Nazio Batuen goi bilerari begira.

Festa giroan klima aldaketa, ekologia eta energiaren krisialdia bezalako gaiei aterabide indibidual zein kolektiboa emateko eremua izatea du xede ekimenak; eta horretarako egun osoko egitaraua antolatu dute Baionako hirigunean.

100 hizlari, 200 artista eta beste horrenbeste esposiziogile arituko dira egungo alternatiba sozial eta ekologikoen erakusleiho lanetan. Besteak beste, nekazaritza eta elikadura, eko-etxebizitza, garraioa, kontsumo eta finantza arduratsuak, energia, udal eta lurralde mailako alternatiba gaiak landuko dira egunean zehar.

Horretaz gain, kaleko antzerkia, bazkari herrikoia, nekazari eta bizikleten merkatua edota trukerako guneak ere izango dira. Txoko garrantzitsuena klimari bereziki eskainitako 1.000 metro koadroko karpak hartuko du. 

Omenaldi eta musikarentzako tartea ere izanen da Alternatiba ekimenaren baitan. Besteak beste, Stéphane Hessel, proiektu honi babes osoa adierazi zion gizona, omenduko dute. Eta Les Motivés (Zebdako musikari eta kantariak + gonbidatuak) eta Willis Drummond taldeek kontzertu berezia eskainiko dute, Fermin Muguruza, Fernando Sapo eta Gorka Urbizu gonbidatuen laguntzarekin.

Antolakuntza lanean mila lagun baino gehiago bildu dituen ekimen honek, 10.000 pertsona bildu nahi ditu aldaketa klimatikoaren alternatiben eremu izango den honetan.