argia.eus
INPRIMATU
Baiona 2014 zerrenda abertzaleak eta Front de Gauchek akordioa lortu dute
  • Baiona 2014 zerrenda abertzaleak eta Front de Gauchek astearte goizean emango dute udal bozen bigarren itzulirako lortu duten akordioaren berri.

ARGIA @argia 2014ko martxoaren 25
Jean Luc Melenchon, Front de Gaucheko zerrendaburua (Argazkia: Paris Match)

Bi zerrendetako ordezkariek bilera egin zuten astelehenean, eta horren inguruko xehetasunak emango dituzte, Berria egunkariak dioenez.

Lehen itzulian bozen %10,3a lortu zuen Jean-Claude Iriart abertzaleak Baionan. %10eko langa gaindituta, bigarren itzulira joateko aukera lortu zuen. Zerrendako ordezkariek igandean adierazi zuten bigarren itzulirako ez zirela Etchegaray zentristarekin edo Etcheto sozialistarekin elkartuko.

Front de Gauche eta abertzaleen arteko balizko zerrenda bateratuari buruzkoak hauteskunde kanpainan ere entzun dira.

Bestalde, Silvie Durruty eskuindarra prest dago Baionan zentro-eskuinarekin akordioa lortzeko. "Hori hala, Henri Etcheto sozialistari zaildu egin zaio auzapez izateko aukera. Hura izan zen lehen indarra, baina aliantzarik ezak oztopa dezake udal gobernua osatzeko bidea", dio Berriak.

Baionan, Etcheto sozialistak bozen %35 eta Etchegarayren zentro-eskuinak %30 lortu zituzten lehen itzulian. Mikel Asurmendik ARGIAn plazaratutako analisian zioenez, "bozen parekotasunak bigarren itzuli hertsia iragarri dute; Iriarten jarreraz beste, eskuineko Durrutyrena (%19) ere ezagutu behar da auzapez berriaren izena ezagutzeko".