argia.eus
INPRIMATU
Baina nor da Yaku Pérez, Ekuadorreko lider indigenista?
  • Ekuadorren igande honetan egindako hauteskundeetako emaitzak ezagututa, bigarren itzulia egin beharko da, inork ez baitu lehen itzulian lehendakaritza bereganatzeko adina boto lortu.

Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko otsailaren 08a
Prefeta izan aurretik bost aldiz atxilotua izan zen Yaku Pérez.

Rafael Correa lehendakari ohiaren hautagaitzat jo den Andrés Arauzek irabazi ditu hauteskundeak, oraingoz botoen %32,31 bilduta. Bigarrena Yaku Pérez indigenista geratu da botoen %19,92 jasota; hirugarrena, zentro eskuineko Gillermo Lasso, %19,22arekin; eta laugarrena Xavier Hervás ezkerreko hautagaia. Datuak halakoxeak ziren kontaketa %82an zegoenean.

Ez da ezustekorik izan Arauzekin, baina bai Pérez indigenistarekin eta Hervás ezkerreko hautagaiarekin. Inkesten arabera, bigarrena Lasso izango zen eta Hervás botoen %5aren inguruan bilduta gelditzekoa zen. Orain ikusi beharko da nor doan bigarren itzulira, Arauzekin lehiatzera, edo Pérez edo Lasso, bien aldeko boto kopurua txikia da eta kontaketaren amaierak eman baitezake oraindik ezustekorik.

Yaku Pérez buruzagi indigenista

Yaku Pérez Guartambel abokatua, irakaslea, idazlea eta agintaria ere bada, azken urteetan Ekuadorreko Azuay departamenduko prefeta aritu da. Lehen aldia izan zen indigena bat kargu honetarako hautatua izan zela eta haren programaren puntu nagusia uraren defentsa izan zen. Bera izan da hauteskunde hauetako sorpresarik handiena atzerrian, seguruenik Ekuadorren ez horrenbeste, batez ere ikusita Pérezek azken urteetan izan duen ibilbidea.

Larrun-eko 247 zenbakian Ekuadorri buruzko monografikoa landu genuen eta bertan atera zen Yaku Pérezekin egindako elkarrizketa, Ekuadorren bertan Juan Gorostidik egindakoa. Halaxe aurkeztu zigun Gorostidik:

“1972an sorturiko ECUARUNARIko (Ekuadorreko Kitxua Herrien Konfederazioa) buruzagia izan zen 2013tik hona. Erakunde hori CONAIEko parte da, Ekuadorren joan den urrian gertaturiko mobilizazioen bultzatzaile nagusi bilakatu dena, estatuko aginte nagusiak negoziaketa publiko batera bultzatu eta Nazioarteko Diru Funtsaren aginduz gobernuak onarturiko dekretua deuseztatzera eraman duena. Elkarrizketa hau joan den abuztuan egin zen, Yakuk lau hilabete karguan zeramatzala. Bere soldata erdira murrizteaz gain, asteko bi egun osorik erabiltzen ditu elkarrizketa eskatzen dion edozein talderekin hitz egiteko. Ez dut langarik topatu egun horietako batean ni ere errezibitu nazan”.

Lurrarekiko eta ingurumenarekiko erakutsi duen begirunea dela eta nabarmendu da eta elkarrizketa horretan argia da gaiarekiko: “Gurea ez da gutxiengo baten eskubideen aldeko borroka hutsa. “Indigenez” ari direnak maiz jausten dira ikuspuntu arrazista eta kolonialistan. Larrialdi orokor baten aurreko erantzun sustraitua da guk lantzen duguna".

 

 

 

Juan Gorostidi eta Yaku Pérez elkarrizketaren une batean.