Repsol konpainia espainiarraren adar kanadarrak agintarien baimena jaso du haustura hidraulikoa erabiltzeari berriz ekiteko, urtarrilaren 12an teknika horrek eragindako lurrikara bat izan eta gero Alberta estatuan.
Lurrikarak 4,8ko magnitudea izan zuen Richter eskalan, eta Repsol frackinga erabiltzen ari zen gune batetik oso hurbil gertatu zen, Reutersek jakinarazi duenez. Albertako Energi Erregulazio Agentziak ebatzi zuen ia ziurtasun osoz konpainiaren jarduna izan zela lurrikararen eragilea, eta lanak eteteko agindu zion.
Azkenik, Erregulazio Agentziak baimena eman dio Repsoli berriro ekiteko, baina putzuan erabiltzen den presioa gutxituz.
Frackinga lurrikarekin lotzen dituen ikerlana
Hain zuzen ere, martxo amaieran eman zen argitara Kanadako mendebaldean gertatutako zenbait lurrikararen eta frackingaren arteko lotura zuzena erakusten duen ikerlan bat. Lehenago ere jakina zen haustura hidraulikoan erabiltzen diren fluidoen hondakinak lurpean injektatzeak lurrikarak sor ditzakeela; alta, industriak ukatu izan du frackingak berak –alegia, zulatze teknikak– sismizitatea eragin dezakeenik.
Seismological Research Letters aldizkarian argitaratutako artikuluan azaltzen dute 1985 eta 2015 bitartean Alberta eta Kolunbia Britainiarra estatuetako 12.000 fracking putzu baino gehiagoren eta inguru horretan izandako 3ko magnitudetik gorako lurrikaren arteko harremana.
Aztertutako milaka putzuetatik, ikerlariek 39 lortu dituzte lurrikarekin. “Esan behar da frackingak eragindako lurrikarak teknika horren bidez egindako operazioen oso portzentaje txikian gertatzen direla”, adierazi zuen artikuluaren sinatzaileetako batek, “baina arriskua kontuan hartzeko modukoa da, Kanadako mendebaldean urtero halako milaka putzu egiten dira eta”.
Aztertu zituzten lurrikaren %60 baino gehiago frackingaren ondoriozkoak izan ziren, %30-35 frackingaren hondakinak injektatzeak eragin zituen, eta %5-10ek jatorri tektoniko naturala izan zuten.