argia.eus
INPRIMATU
Baigorriko posta ixteko asmoa bertan behera geratu da
  • Mobilizatzeak balio duela begi-bistakoa da. Herritar andana Baigorrin manifestatu zen iragan larunbatean azken aldikoz eta lorpen garrantzitsuak eskuratu dituzte Baigorriko postaren alde. Hots, azkenean tokiko posta zerbitzuak ez dira irailean Donibane Garazira aldatuak izanen.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2015eko ekainaren 23a
Herritarrren kexua Baigorriko posta aitzinean. (Arg: Enbata)

Larunbat goizean 200 bat jende hurbildu ziren postaren okupatzera eta Departamenduko postako zuzendaritzakoak arratsaldez proposamen berriak aditzera eman zizkieten:

– Baigorriko posta irailean hesteko xedea ezeztatua da.
– Postariek (edo bederen gehienek) haien banaketa-lana Baigorriko postatik segituko lukete.
– Hautetsien eta enpresen partaidetzarekin, gutunez kanpo diren beste zerbitzu banatze batzuk ere postariek eginen dituzte.

Frédérique Espagnac PSko senataria bilduko da Parisko arduradun nagusiekin eta ondoren, proposamen berriak eginen ditu zuzendaritzak heldu den hilabetean. Anartean ekintzen gelditzea erabaki dute postaren defentsa kolektibokoek.

Urte hasieratik datorren afera

Baigorriko postaren afera urte hastapenean eman zen ezagutzera. Tokiko postako zazpi langileak Donibane Garazira aldaraziko zituztela esan zuten eta ez da Baxenabarren halakorik gertatzen den lehen aldia.

Iaz, Oztibarreko Larzabale herriko (1.000 biztanle) posta zerbitzuko langileak Donapaleuko egoitzara aldatuak izan ziren.

Aldaketaren ondorioz, posta egunero bildu beharrean, bi edo hiru egunetan behin jasotzen dute ibarreko herritarrek.

Baigorri ibarra osatzen duten Aldude, Banka, Baigorri eta Urepeleko auzapezak Baigorriko postan eragin bera izanen zuen birmoldaketaren aurka mintzatu ziren. Prefeta eta Postaren zuzendaritzarekin bildu ziren maiatzaren 13an, eta hauxe adierazi ere: “Aldaketak ondorio larriak ekarriko ditu”.

Arrapostu zentzuzkorik ukan ez zutenez gero, hainbat ekimen eta manifestazio egin izan dira Baigorrin nahiz Pauen. Maiatzaren 26an Baigorriko Herriko Etxean bilkura publikoa egin zuten. Maiatzaren 30ean, Paueko Postako egoitzaraino eraman zuten mobilizazioa. Iragan asteburuan ere, herritarrak Baigorriko posta etxearen aitzinean manifestatu ziren. “Arloko langileen, herritarren, baita hautetsien eta tokiko administrazioaren lana dorpeki ukitua izanen da”, adierazi zuten auzapezek.

Postako zuzendariek esan dutenez, “lanaren seguritatea” dago aldaketa honen oinarrian. Argudio nagusia hauxe: “Baigorriko postak duen segurtasun eza da”. Auzapezek aldiz, Donibane Garazin egoera ez dela hobea izanen ohartarazi dute.

Baigorriko Jean-Michel Coscarat, Aldudeko Jean-Michel Dendarieta, Urepeleko Michel Ernaga eta Bankako Michel Oçafrain auzapezek “borrokarekin segitzeko nahia”, agertu zuten. Baigorri herrian 1.600 lagun bizi dira. Ibarreko goi-aldean, Banka, Urepele eta Aldude herrietan 1.000.  

Auzapezek erranetan, tokiko ekonomian ondorio ezkorrak izateaz gainera, posta zerbitzuak antolatzeko moldearekin “harrituta” daude. Pauen izandako bilkura “elkorren arteko elkarrizketa” izan zen. Herritarren eta hautetsien aldaketaren aurkako jarrerak ezagutu ondoren, Paueko posta zuzendaritzak birmoldaketa plana aurkeztu diete Baigorriko auzapezei. Hala nola, herriz herri hainbat zerbitzu beteko dituen postari baten lana. Zerbitzu ezegonkorra eta zehazgabea.

“Birmoldaketa horrek zerbitzuaren kalitatean ondorio larriak izanen lituzke”. Auzapezen aburuz “herriaren ahotsa entzun behar da. Herritarrak eta gu haien batera konponbidea atzemateko prest daude. Errate baterako, Baigorriko postarien kopuruaren emendatzea, beste lurralde batzuekin elkartuz”. Adibiderako, Baigorriko posta bulegoa Donibane Garazira eramaten badute posta zerbitzua Urepeletik 35 kilometrora izanen da.