Bi Herriko Etxeek antolatu dute ekimena, eta apirilaren 14tik 16ra izango da Baztanen. 11 eta 15 urteko 40 gazte elkartzea da helburua.
Baigorri eta Baztango gazteen topaketak egingo dituzte apirilaren 14tik 16ra Baztanen. Bi Herriko Etxeek antolatu dute ekimena lehen aldiz, ibarren arteko harremana sendotzeko helburuarekin. Atzoko, gaurko eta biharko sareak lelopean. 40 lagun elkartzea dute xede.
Bixente Hirigarai Baigorriko teknikariak kazetari esan dionez, gazteei mugakide diren herrietara joateko gogoa bultzatu nahi diete. Hala, 11 eta 15 urtekoei dago bideratuta topaketa, behin 16 urtetik aurrera ohitura handiagoa baitago mugitzeko.
Topaketetan bi ibarren arteko harremanen historia erakutsi nahi dute antolatzaileek. Hirigaraik azaldu duenez apirilean alaba sareen gaia landuko dute: "Baztango emazte espioi batzuk ibili ziren alde batetik bestera mezuak eta jendeak pasatzen Espainiako Gerla zibiletik goiti". Horrez gain, mendi ibilaldi bat egingo dute, eta denbora librea ere izango dute gazteek, "elkar ezagutu dezaten".
Lehen topaketa hauetan Amaiurren egingo dute lo. Esperientzia ona izanez gero, udazkenean segida eman nahi diote ekimenari, kasu honetan Baigorrin.