argia.eus
INPRIMATU
Baieztatutako positiboak ia 1.000ra iritsi dira Osakidetzako langileen artean
  • Aste bakarrean Osakidetzako langileen artean Covid-19az kutsatutako 768 kasu berri baieztatu direla informatu du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak. EAEko osasungintza publikoko langileek koronabirusaren hedapenaren ondorioz hartzen ari diren arriskuen erakusgarri da datua.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 29a

Duela astebete, Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuak Deia eta El Correo egunkariei egindako adierazpenetan azaldu zuen EAEko osasungintza publikoko langileen artean 150 kasu zenbatu zituztela ordura arte. Igande honetan jakin denez, une honetan 918 positibo daude Osakidetzako langileen artean, alegia, 768 kasu berri aste bakarrean.

Orain arte 14.071 test egin direla informatu du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Osasun Sailak eta horietatik 3.000 inguru egin zaizkiela arrisku berezian dauden Osakidetzako langileei.

Nolanahi ere, Osakidetzako langileek emandako positiboen gorakadaren atzean egon daitezke beste faktore batzuk ere. Nagusiki, birusaren hedapenaren hasierako fasean ez zaizkiela behar adina test egin. Aste honetan hasi dira sintomak zeuzkaten osasungintzako langileei probak egiten eta probablea da horren ondorioz hainbeste hazi izana positiboen kopurua.

Aurretik, sintomak zeuzkatenak etxean geratu dira berrogeialdia egiten prebentzio neurri gisa, baina ez ziren positibo konfirmatuak. Hortaz, segur aski, Murgak joan den astean emandako 150 kutsatuen datua baikorregia zen benetako egoera kontuan hartuta.