argia.eus
INPRIMATU
Baieztapen eliptiko batekin jolasean ari da fiskala
  • Fiskala baieztapen eliptiko batekin jokatzen ari da epaiketa osoan: Udalbiltza ETAk sortutako tresna zela. Baieztapen hori mugiezina da, poliziak hori dio eta polizia-atestatuari froga perizial izaera ematen badiote, kito. Aurreiritzi horretatik abiatuta, fiskala saiatzen ari da Udalbiltzaren jarduera ekonomikoak irregularrak izan zirela irudikatzen, nolabaiteko desbideraketa egon zela eman nahi du aditzera bere galderetan. Atzoko saioan garbi geratu zen hori.

2010ko irailaren 15

ETArekin zerikusirik zuen galderarik ez zuen egin Juan Moral fiskalak, bai ordea Udalbiltza Partzuergoa eta Euskal Kohesio Fondoari buruz. Baina defentsaren lekukoek –udaletako alkate, zinegotzi eta idazkari ohiak– garbi utzi zuten irregulartasunik ez zela izan inon, Partzuergo bat sortzea muga administratiboak gainditu eta fiskalitate hobea edukitzeko, gauza ohikoa eta legala dela hemen eta Txinan. Ez zen diru desbideraketarik izan, erabaki guztiak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean agertu ziren eta EAE eta Espainiako diru Kontu Publikoen auzitegiek gainbegiratu zituzten.

Harrigarria da nola ari diren epaitzen Auzitegi Nazionalean tokiko epaitegietan epaitu beharreko ustezko delitu ekonomikoak. Horretarako, baieztapen eliptiko horretaz baliatzen ari da fiskala –jakintzat ematen du Udalbiltza ETAk sortu zuela dirua desbideratzeko–.

Bestalde, Udalbiltza ilegalizatutako ezker abertzaleko berezko organismoa zela demostratu nahian ere badabil Juan Moral. Atzoko saioan baina, beste alderdietako kargu publiko ohiek ezeztatu egin zuten hori. Udalbiltzak estatutu berak izan ditu 1999an jaio zenetik eta ofizialki erakunde bakarra izan da. Baliteke, praktikoki eta politikoki, bi korronte edo Udalbiltza sortu izana Lizarra-Garaziko porrotaren ondoren; baina Batasunako zinegotziek gidatutako Udalbiltzan ere izan zen beste alderdietako zinegotzirik, eta deialdiak eta erabakiak hasierako Udalbiltzako kide guztiei igortzen zitzaizkien. Ezker abertzaleak ez zuen Udalbiltza alderdi-helburuetarako instrumentalizatu, bere estatutuek markatutako hasierako helburuak jarraitu zituzten, Kursaaleko 2001eko biltzarrean berretsi zuten hori.

Udalbiltzaren kontrako epaiketak irailaren 29an jarraituko du –Espainian deituta dagoen greba egunak atzeratzen ez badu– eta froga perizialak aztertuko dituzte. Saio horretan ikusiko da polizia “adituek” perituen lanak egiten dituzten edo, besterik gabe, datuak interpretatzen dituzten –epailearen lana da hori– euren tesiari eusteko.

Gehiago jakiteko:

- Udalbiltza auziari buruzko erreportaje zabala ARGIA astekarian

- Maribi Ugarteburu auzipetuari elkarrizketa ARGIA astekarian

- Udalbiltza auziari buruzko bloga