argia.eus
INPRIMATU
Baietz42! euskaldunen aktibazio kanpaina Zuian
  • Egiako, Hernaniko, Aguraingo ereduari jarraituz, Baietz42! euskaldunen aktibaziorako kanpaina antolatu dute Zuian ekainaren 21, 22 eta 23an.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko ekainaren 14a
(Argazkia: baietz42.infozuia.eus).

42 orduz euskaraz bizitzeko hautua egingo dute. 150 herritarrek eman dute izena, eta oraindik ere nahi duenak aukera du parte hartzeko. Zuian %30,5ek daki euskaraz eta %51,5 dira euskara ulertzen dutenak, baina hizkuntzaren erabileraren azken datuek diote Zuian elkarrizketen %5,8 izaten direla euskaraz.

Parte hartzeko hiru modu

Hiru profil bereizi dituzte ekimenean parte hartzeko. Antolatzaileek prentsa-ohar bidez jakinarazi dutenez, batetik egongo dira AhoBizi-ak, euskaraz mintzatzeko gaitasuna dutenak, eta hauek 42 orduz euskara hutsean aritzeko konpromisoa hartuko dute; bigarrenik daude BelarriPrest-ak, euskaraz hitz egiteko zailtasunak dituztenak baina ulertzen dutenak, eta hauek euskaraz entzuteko hautua egingo dute; eta hirugarrenik dago BideLagun-aren profila, euskara ulertzeko zailtasunak dituztenak, baina hizkuntzarekiko errespetua eta begirunea dute eta beren inguruan euskara hitz egin dadila sustatuko dute hauek.

Udalbatzaren babesa

Udalbatzaren gehiengoak ekimenaren antolatzaileek aurkeztutako mozioa onartu du. Alderdi guztien babesa izan dute PPrena salbu, hau abstenitu egin baita.

Antolatzaileek azaldu dute “helburua ez dela euskararen aldeko jaia ospatzea, euskara eguneroko hizkuntza izan daitekeela erakustea da, baita Zuian ere”.

Ekimenaren informazio guztia baietz42.infozuia.eus helbidean ikusi daiteke.