argia.eus
INPRIMATU
“Bai nire alaba, bai hil dituzten gainerako emakumeak memoria kolektiboan mantentzeko modua da Nagore Laffage parkea”
  • "Plaza bat zure izenean" da Asun Casasola Ipuin Labur Lehiaketaren aurtengo gaia. Nagore Laffage zen Asun Casasolaren alaba, 2008ko Sanferminetan José Diego Yllanesek hil zuen, eta orain Irungo parke batek Nagore Laffage du izena. "Izendatzen ez dena ez da existitzen, eta horregatik da hain garrantzitsua. Norbaitek parkearen izena daraman neskaren inguruan galdetzen duen bakoitzean, besteren batek gertatu zena kontatuko dio", azaldu dio ARGIAri Casasolak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2024ko urtarrilaren 24a
Asun Casasola, Irungo parke bati bere alaba Nagore Laffageren izena jarri zioten egunean. Argazkia: eldiariofeminista.info

Parkeari esker, "memoria kolektiboan mantenduko da bai hilketa matxista, bai nire alaba, baita gauza bera sufritu duten beste emakume guztiak ere, Nagore Laffage ez delako Nagore Laffage bakarrik, gainerako guztiak ere bada, biktima guztiak oroitzeko balio behar luke", dio Casasolak. Nolabait, indarkeria matxistaren kontrako borroka ikusgarri egitea ere bada parke bati Nagoreren izena jartzea, gehitu du amak.

Alaba hil zutenetik, haren memoria bizi mantentzeko eta matxismoaren kontrako mezuak zabaltzeko borroka etengabean dihardu Asun Casasolak. Eskolaz eskola oso aktibo jarraitzen du, Helena Tabernaren Nagore dokumentala besazpian, belaunaldi gazteei gertatu zena kontatzen eta indarkeria matxistaz ikasleekin eztabaidatzen. "Historia barruraino iristen zaiela ikusten dut, eta oraindik asko dagoela lantzeko: ikastetxe batzuetan, beste batzuetan baino gehiago, irakasleek eurek azaltzen didatenez. Ikastetxeetan gaia ikusgarri egitea eta lantzea bera oso inportantea da, gazteak dira etorkizun hobea izateko borroka egin behar dutenak, bultzaka datozenak. Nik ikasleei beti esaten diedana da errespetua dela gakoa, elkar errespetatzea".

"Gazteak dira etorkizun hobea izateko borroka egin behar dutenak, bultzaka datozenak. Nik ikasleei beti esaten diedana da errespetua dela gakoa, elkar errespetatzea"

Ipuin lehiaketaren bederatzigarren edizioa

Plaza batek ez, baina ipuin lehiaketa batek badarama Asun Casasolaren izena. "Asun Casasolak aurrera eramandako borroka emakume guztien askatasunaren sinbolo bihurtu da. Ama honek erakutsitako kemena eta borrokarako grina izugarria izan da eta eredu honi aitortza egiteko asmoz sortu zen lehiaketa", diote antolatzaileek.

Otsailaren 7ra arte, zabalik jarraitzen du ipuina bidaltzeko epeak. "Plaza bat zure izenean" gai hartuta, orrialde bateko testua bidali daiteke, gazte eta heldu kategoriatan banatuta. Oinarriak eta xehetasunak haien webgunean irakur daitezke.

"Lehiaketa hau opari bat da eta harrotasunez bizi dut –dio Casasolak–. Mundu guztia animatzen dut ipuinak idaztera, modu bat delako matxismoaren kontrako eta berdintasunaren aldeko gogoetak paperera ekartzeko". Hain justu, ikastetxe batzuetan lehiaketa hau baliatzen dute, ikasleak idazten jarri eta gaiaz eztabaidatzeko.