argia.eus
INPRIMATU
“Bai, gurasook eragin dezakegu ikastetxeko hezkuntza proiektu eta planetan”
  • Eskolaren martxa hezitzaileen kontua dela uste duenak jakin behar du gurasoek zeresana eta eragina dutela proiektuan, eta horren isla dira ikastetxeetan berriki osatu diren Eskola Kontseiluak, Ordezkaritza Organo Gorenak. “Familien ikuspegia oso inportantea da, zerbait gaizki doala ikusten badugu, adierazi egiten dugu eta kasu egin ohi zaigu”, dio Kontseiluko kide Susana Aribayos-ek.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko abenduaren 06a
Susana Aribayos, gurasoen odezkarietako bat Luis BriƱas ikastetxeko Eskola Kontseiluan.

“Ikastetxe batean dagoen ordezkaritza organo gorena da Eskola Kontseilua, irakasleek eta gurasoek osatua, eta familiek beti ordezkari bat gehiago izaten dugu. Ikastetxeko langile baten ordezkaria, normalean bedela, eta udalaren ordezkaria ere izaten dira, baina daramatzadan zortzi urteetan, behin baino ez dut ikusi udaleko ordezkaria, pentsatzen dut Bilbo hiri handia delako, herri txikietan bestela izango dela. Bigarren hezkuntzan ikasleen ordezkaritza ere gehitzen da”, azaldu digu Susana Aribayosek. Eskola Kontseiluan gurasoen ordezkarietako bat da bera, Bilboko Santutxu auzoko Luis Briñas ikastetxean (600 ikasletik gora ditu eskolak).

Garbi du ama honek: Organo Gorena espazio aproposa da ikastetxearen nondik norakoetan eragiteko, gauza inportante guztiak bertatik pasatzen baitira. “Ikastetxean aurrera aterako diren proiektuak eta hobetze plan guztiak erabakitzen dira, batzorde honek onartu behar ditu”. Kontatu duenez, kezka nagusiak izan ohi dira elkarbizitzari edo jantokiari lotutakoak.

"Gizon gehiago ikusi ohi da hau bezalako erabakiguneetan, guraso elkarteek antolatutako ekintzetan baino; txokolatea prestatzen gizon gutxi ikusi dut"

Gurasoen alea

“Gurasook, guraso elkartean landutako proposamenak ere eramaten ditugu eta aurrera atera ohi dira, batzordean eztabaidatu eta adostasuna lortu ostean. Batzuetan ez gaude denok ados, baina hitz eginez eta erdibidea bilatuz lortu izan ditugu gauzak. Familien ikuspegia oso inportantea da, zerbait gaizki doala ikusten badugu, adierazi egiten dugu eta kasu egin ohi zaigu”.

Eskola Kontseiluan zergatik parte hartu ohi dute ama gehiagok, aitek baino? Seme-alaben heziketa oraindik ere amen gain al dago?, galdetu diogu Aribayosi. “Gure kasuan, nahiz eta ama gehiago garen, aitak ere badira, eta urte hauetan gizonen parte-hartzea igotzen ikusi dut. Halere, egia da gizon gehiago ikusi ohi dela hau bezalako erabakiguneetan, guraso elkarteek antolatutako ekintzetan baino; txokolatea prestatzen gizon gutxi ikusi dut, alegia”.

"Guraso bezala, norbere seme-alabengan zentratzetik zabaldu egiten da fokua; zure kezkarekin joan zaitezke, baina gainerakoei entzun eta besteen azalean jartzen zara"

Zer ikasi du Aribayosek gune honetan? “Ikastetxe bat aurrera ateratzeak duen lan guztiaz jabetzen zara. Guraso bezala, norbere seme-alabengan zentratzetik zabaldu egiten da fokua, organo honetan gauden guztiok oso garbi dugulako ikasle guztien ongizatea bilatzen dugula, eta zure kezkarekin joan zaitezke, baina gainerakoei entzun eta besteen azalean jartzen zara”.