argia.eus
INPRIMATU
Bahitutako sei israeldarren gorpuak atera ditu Gazatik armada sionistak
  • Hamasek adierazi du Israelek okupazioa aukeratu duela, bahituen gainetik. Hildakoen senideek uko egin diote Netanyahuren dolumin deiari, eta su-etena eskatu dute oraindik Gazan dauden 100 bahituak askatzeko.

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko irailaren 02a
Argazkia: EFE.

Israelgo armadak igandean jakinarazi du bahituen sei gorpu atera dituztela soldaduek Gaza hegoaldeko tunel batetik. Armadaren hitzetan, Rafah inguruan aurkitutako gorpuak Israelera eraman dituzte, eta han identifikatu. Sionistek esan dute bahituak aurkitu baino lehentxeago hil zituztela.

Hamaseko agintari batek adierazi du sei bahituak Israelgo aire erasoen ondorioz hil zirela. AEBei ere leporatu dizkie heriotzak, hamaika hilabetez luzatu den genozidioa babesteagatik. 40.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7tik.

Benjamin Netanyahu lehen ministroak mendekua hitzeman du Hamasen aurka, eta “ehizatu” egingo dituztela esan. “Bahituak hiltzen dituztenek ez dute akordiorik nahi”, adierazi du, su-eten akordioari erreferentzia eginez. Eragile askok leporatu diote azken hilabeteetan Netanyahuri akordiorako aukerak oztopatzen egotea, ezinezko baldintzak jarriz eta gerra luzatuz plan argirik izan gabe. Israelgo Defentsa ministroak berak ere “arduragabe” jokatzea egotzi dio lehen ministroari.

Bahitu israeldarren familiek osatutako elkarte batek, Netanyahurekin kritiko izan denak, mobilizazioak deitu ditu igandean bertan, eta milioi erdi pertsona atera dira kalera hainbat hiritan, su-eten akordioa eskatzera. Zabaldu duten oharrean adierazi dute Netanyahuk “akordioa egin ez izanak” eragin duela haien senideen heriotza.

Hildako bahituen familiek uko egin diote Netanyahuren dolumin deia jasotzeari, Al Jazeerak jakinarazi duenez. “Ez daukagu interesik bere heriotza ekarri duenarekin hitz egiteko. Ez diogu utziko gu erabiltzen hurrengo bahituaren heriotza justifikatzeko. Bahituen odola bere eskuetan dago”.

“Okupazioa hautatu dute bahituen ordez”

Hamasek adierazpen bat egin du sionistek sei gorpuak atera ostean, eta esan du Israelgo Gobernuak okupazioa aukeratu duela, bahituen gainetik. Qassam Brigadek argitaratutako bideoan adierazi dute bahituak bizirik zeudela, eta su-eten akordioaren lehen faseak askatuak izango zirela, baina Israelgo armadari egotzi diote haiek hil izana.

Bestalde, Hamasek gaitzetsi du Israelek tropak mantendu nahi izatea Filadelfia Korridorea izenekoan, Egipto eta Gaza arteko mugan. Netanyahuk su-etenerako jarritako azken baldintzetako bat da, nahieran gerra berriro hasi ahal izatearen baldintzaz gain.