argia.eus
INPRIMATU
Bahitutako lau israeldar askatu eta operazioan 274 palestinar hil ditu Israelek
  • Israelek sarekada egin du Nuseirat errefuxiatu kanpalekuan, Gaza erdialdean, AEBen parte hartzearekin. Gutxienez 274 pertsona hil eta 700 baino gehiago zauritu ditu, Gazako Osasun Ministerioaren datuen arabera. Bahitu gehiago hil ditu operazio berean, Hamasen esanetan. Laguntza humanitarioko kamioiak erabili dituzte israeldarrek kamuflaje modura.

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko ekainaren 10a
Nuseirat errefuxiatuen kanpamenduan egin du operazioa Israelek. Argazkia: AFP

Israelgo Armadak lau bahitu askatu ditu Nuseirat errefuxiatu kanpalekuan, eta kritika ugari jaso ditu zibil asko hil dituelako egindako sarekadan. Bertako medikuen arabera, “erabateko triskantza” eragin du Gaza erdialdeko Al-Aqsa ospitalean. Mediku batek esan du “hiltegia” zirudiela ospitalearen barrualdeak. Hamasen ordezkari militar batek jakinarazi du sionistek beste bahitu batzuk hil dituztela Nuseirateko operazioan, zehaztu ez badute ere nola edo zenbat hil diren. Israelgo Armadako buruzagi bat ere hil da sarekadan. Iturri batzuen arabera AEBek eraikitako portutik sartu dira Gazara sionisten “unitate bereziak”, laguntza humanitarioan kamuflatuta.

Israelgo Armadak jakinarazi du askatutako lau bahituak bi kokapenetan aurkitu dituztela, eta “osasun egoera onean” daudela. Larunbatean egindako operazioa izan da Israelek bahitu gehien bizirik erreskatatu dituen aldia urriaren 7tik, orain arte zazpi askatu ditu guztira. Israelgo Armadaren arabera 120 pertsonak jarraitzen dute bahituta Gazan, eta horietako 41 hilik daudez. Netanyahuk adierazi du bahituak askatzeko operazioekin jarraituko dutela.

Bahitu israeldarrak hil dituzte eta sarraskia eragin

Hamasen Qassam Brigadetako bozeramaileak, Abu Obaidak, jakinarazi du erreskate operazioan beste bahitu batzuk hil dituztela sionistek. Gaza erdialdeko erasoaldia “gerra krimena” izan dela salatu du Obaidak, eta gaineratu “etsaiaren presoak arrisku larrian” jarri direla. Azaldu du honek “izugarri okertuko” dituela bahituen bizi baldintzak.

Bahituak hiltzeaz gain, palestinarrentzako sarraskia izan da Israelgo Armadaren sarekada. Gutxienez 274 pertsona hil dituzte Nuseirat kanpalekuan, eta 700 zauritu. Imran Khan Al Jazeerako kazetaria Jordanian dago, Israelgo Gobernuak Al Jazeera debekatu zuelako Israelen, eta bertatik esan du erreskateari buruz hitz egitean agintari israeldarrek ez dituztela aipatu ere egin hildako dozenaka palestinarrak. “Israeldarrek ez dute hitz egin operazio honen kostuari buruz, garaipen bezala saldu nahi dutelako. Netanyahu presio izugarria jasotzen ari da, eta Bahituen Familien Foroak oso argi esan du su-etena dela modu hoberena Gazan dauden bahitu guztiak askatzeko”.

Lehenago ere jakinarazi izan du Hamasek bahituak hil dituztela sionisten erasoek. Apirilean esan zuten Khan Younis inguruan, Gaza hegoaldean, lau bahitu hil zirela Israelgo Armadaren aire eraso baten ondorioz. Armadak berak aitortu zuen bahituen heriotza, hiltzeko arrazoiak “aztertuko zituztela” esan bazuen ere. Urriaren 7tik 37.084 pertsona hil dituzte sionistek, eta 84.494 zauritu, azken datuen arabera.