2024ko Aberri Eguna arte iraunen du gogoetak eta lurralde, belaunaldi, ibilbide, sektore eta engaiamendu maila guzietan dabiltzanei luzatu diete prozesurako gomita, Bidarrain egindako prentsaurrekotik.
Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleari buruz hausnartzeko asmoz, "Bagira" prozesuaren berri eman dute militantzia esparru ezberdinetan dabiltzan hamar abertzalek. Mugimendu abertzalea duela 60 urte loratu zen Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan gaindi, Itsasuko Agiria plazaratuz urte hartako Aberri Egunaren kari. Sei hamarkadaz egindakoari aitortza eginez eta begirada gerora buruz jarriz, oinarriak eguneratu, helburu eta etapa partekatuak adostu, eta mugimendu gisa artikulatzeko jardunaldiak abiatuko dituzte ondoko asteetan.
Horrez gain, belaunaldi transmisioa bultzatzeaz gain, helburu eta baloreak publiko berriei zabaltzea ere dute xede. Hain zuzen, argi dute mugimendu abertzalearen geroa "belaunaldi aldaketak" baldintzaturikoa dela, eta lekukoaren pasatze hori lortu beharrekoa dutela.
"Bagira" aurkeztu dute abenduaren 14 honetan, Bidarrain ondoko hamar militanteek: Pantxika Ibarboure, Jean Noel Etxeberri Txetx, Terexa Lekunberri, Jeronimo Prieto, Ximun Lacroix, Nerea Peponnet, Iñaki Berhokoirigoin, Mattin Etxeberria, Anita Lopepe, Txomin Poveda eta Argitxu Dufau. Guztiak abertzaleak eta herri mugimenduan zein elkarte munduan ariturikoak, eta beraien izenean mintzo direnak. Oraingoz, 60 bat herritar dabiltza "Bagira" gogoetan.
Beraien ustez, "existentzia sinple batetik abiatuz, borroka abertzaleak kuantitatiboki eta kualitatiboki aitzina egin du inflexio puntu garrantzitsu batera iritsi arte". Azkenik, ETAren jarduera armatuaren bukaera, Ipar Euskal Herrian lorturiko egitura instituzionala eta hauteskundeetan abertzaleek jasotako garapena direla eta, egoera "berri" batean daudela uste dute. Baina, gozoari gazia gehitu eta borrokak zein alternatibak gutxiegi "elgar gurutzatuz" eta modu "paraleloan" eramaten direla diote. Horri buelta ematea dute ere helburuen artean.
Horregatik diote garai egokia dela gogoeta eta definitze prozesua kolektiboki eramateko: "Erdi zabalik den leiho berri batean gaude, dauden aukerak hein handian eraikitzeko direlarik". Otsailean abiatuko dute prozesua, transmisio historikoarekin, apirilaren 8an eta 9an Itsasun eginen den Aberri Egunaren kari zor zaion lekua eginez. Ondotik, diagnostikoa bideratuko dute, apiriletik udara arte, mugimendu abertzalearen egoera eta biharko erronkak aztertzeko asmoz.
Azkenik, heldu den ikasturte hasieratik 2024ko apirila arte galdera potoloak jarriko dituzte mahai gainean: "Zer gara? Zer da abertzalea izatea gaurko munduan? Zer lortu nahi dugu? Epe ertaineko zer helburu eta etapa partekatzen dugu? Nola mugimendu egin? Nola antolatu eta artikulatu helburu horiek kausitzeko?". 2024ko Aberri Egunarekin emanen diote bukaera herri topaketen prozesuari.