argia.eus
INPRIMATU
Bagera, gu ere bai, gu beti pozez... angulak ez hainbeste
  • Duela 180 milioi urte Pangea kontinentea zatitu zenerako ikasia zuen aingirak Thetis itsasoa zeharkatzen. Ordudanik kontinenteak mugituz joan dira, eta aingira espezieak ezberdinduz. Jatorrizko arbaso beretik bereizi diren 20 aingira espezieen artean, gurea da, ibai-aingira edo aingira europarra, migrazio ibilbide luzeena egiten duena: 7.000 kilometrorainokoa. Joan-etorriko bidea egiten du gainera; joanekoa bizitzaren hasieran, eta itzulerakoa, amaieran. Tartean mehatxu guztiak gaindituz gero, beti ere. Hori eta gehiago badakigu; aitzitik, inork ez du itsasoan aingiraren arrautzarik egundo ikusi, eta larbarik txikienak Bermudatako triangeluaren erdian topatu dira.

Eneko Bachiller Otamendi 2025eko urtarrilaren 13a
Esti Diaz / CC-BY-SA

Johannes Schmidt zientzialaria Dana II espedizioan (1928-1930) ohartu zen, Europako kostatik urrundu ahala aingiren larbak gero eta txikiagoak zirela. Sargazoen Itsasoan (Atlantiko ipar-mendebaldean) topatu zituen txikienak (5 cm-rainokoak), gorputz garden eta zapalarekin. Ordudanik dakigu larbek migrazio luzea egiten dutela, handik abiatuta. Sardatan burutuko duten bi urtera arteko bidaia honetan, korronteek Itsaso Baltikoko, Ipar Itsasoko, Bizkaiko Golkoko, Afrika iparraldeko nahiz Mediterraneoko kostalderaino eramango dituzte. Batzuk kostaldean geratuko dira, edo lagunetan. Gure kostaldean ordea, estuarioan barneratuko dira. Une horretan, lehen metamorfosia burutuko dute: hala, hortzak eta gorputz luze biribildua garatuko dituzte, eta angula garden bilakatuko dira. Jaiotzez sexua definitu gabe duten angula hauek dentsitate handietan egonez gero, etorkizunean gehienak ar modura garatuko dira; gutxi izatekotan, hobe eme, espeziearen biziraupena bermatzeko.

Estuarioan barrena, lehen ongietorria bertako arrantzaleena izan daiteke, batez ere ilargi berriko garaian. Hori gaindituz gero, ibaian gora jarraituko dute, hazi ahala pigmentazioa (kolorea) garatuko dute eta aingira hori bilakatuko dira. Emeek, arrak baino handiagoak oro har, 10-20 urte emango dituzte ibaian, heldutasun sexuala lortu arte; arrek, 6-12 urte. Gero eta iparralderago, are luzaroago egongo dira ibaian, eta behin unea iritsita, bizitzako bigarren metamorfosia jasango dute; zilar aingira bilakatuko dira, itzulerako migrazioari ekiteko. Izan ere, ale bakoitzak bizi osoan izango du txikitan egindako ibilbidea gogoan, baleen antzera, magnetismoan oinarritutako orientazio-mekanismoari esker. Une horretan garatuko da ugal aparatua ere. Horrela, behin Sargazoen Itsasora iristean, sakonera abisalean (200 – 1.000 m) murgildu eta eme bakoitzak 20 milioi arrautza inguru askatuko ditu, arrek espermaz ernalduko dituztenak (kanpo-ernalketa). Ondoren, aingirak hil egingo dira. Arrautzak (oraindik itsasoan inork ikusi gabekoak) han nonbait bilakatuko dira larba, migrazio berri bati ekinez.

Bizi zikloa nahikoa zaila ez, eta korronteen aldaerek ondorio latzak eragin ditzakete estadio goiztiarren biziraupenean. Gainera, Iberiar penintsulan kasu, aingiren habitat naturalen %80 mehatxatuta dago, itsasoranzko itzuleran topatu ditzaketen zentral hidroelektrikoen eta urtegien moduko harresien ondorioz. Gainera, itzulerako bidaia honi aurre egiteko aingirek pilatutako erreserben artean ibaietako uren kutsadura aztarnak topatu dira. Hori guztia, arrantzarekin batera. Bada honi dagozkion neurriak neurri, 1980ko hamarkadaren aurretik gurera iristen ziren 100 angulako, egun 8 baizik ez dira heltzen. Ipar Itsasoan bakarra edo gutxiago, urtearen arabera. Kontuan izan, populazio bakarraz ari garela; hots, euskal aingira bat norvegiar batekin elkartu daitekeela Sargazoen Itsasoan. Hau oinarritzat hartuta, Europa hegoaldeko angulekin iparraldeko ibaiak birpopulatuz hango arrantza bermatzen saiatu izan badira ere, ez dago argi mugitutako angula horiek zilar aingira bilakatzean itzulerako bidea egiteko gai diren.

Espeziearen hazkuntza motela izaki, ugaltzera doazen emeez gain, txikiak ere zaintzea da gakoa; eta horretarako onena, haien kasa uztea. Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren arabera, aingira europarra arrisku larrian dago katalogatua. Baina kiloa 1.200 euroan erosten denean, ez gabiltza kutixiaz, estatus bat irensteko irrikaz baizik. Ezin poltsiko horiei egindako kaltea espezieari egiten zaionarekin parekatu. Sukaldari ezagun askok haien jatetxeetan angularik ez eskaintzeko hautua egina dute dagoeneko. Zientzialarien hitzei erreparatzen dieten seinale. Nire kasuan gula mordoa hartu eta begiak pintatzen hasiko naiz, danbor hotsak entzuterako kaxuela prest izan dezadan. Beti alai.

IBAI AINGIRA  Anguilla anguilla

TALDEA: Ornoduna / Arraina.
NEURRIA: larbak 5 cm baino gutxiago; angulak 6-8 cm; aingirak 150 cm arte. Eme helduek arren adin eta neurria bikoiztu ditzakete.
ZER JATEN DU? Intsektuen larbak, zizareak, krustazeoak, moluskuak, arrain txikiak....
BABES MAILA: Espezie zaurgarria, Espainiako Ornodunen Liburu Gorrian.