argia.eus
INPRIMATU
“Badugu frustrazioa bueltatzeagatik, baina pozik gaude ere Palestinaz pentsarazi diogulako gizarteari”

Askatasunaren Ontzidiko euskal aktibistak 2024ko apirilaren 29a
Argazkia: Edu León / El Salto

Istanbul. Apirilak 27, larunbata.

Bederatzigarren eguna Istanbulen. Askatasunaren Ontzidiak beste kolpe gogor bat jaso du. Akdeniz ontziari Ginea Bissauko bandera eta dokumentazioa kendu dizkiote eta, ondorioz, ez dauka itsasoratzeko baimenik. Gauzak horrela, ekimena bertan behera geratu da momentuz, eta etxera bueltatuko gara ekintzaile guztiak.

Duela egun batzuk jakin genuen Ginea Bissauko ikuskatzaile bat bidaliko zutela ontzia ikertzera, AEBen eta beste herrialde batzuen presioen ondorioz. Ikuskatzaileak esan du, espero genuenaren aurka, ontzia nahikoa ondo dagoela ateratzeko, nahiz eta ikerketak aurrera jarraitzen duen. Hala ere, bandera kendu diote ontziari, irteera debekatzeko.

Askatasunaren Ontzidia bertan behera geratu da momentuz, eta etxera bueltatuko gara ekintzaile guztiak

Agerian geratu da, orain artekoarekin ez bazen nahikoa, auzi politikoa dela ontzidia oztopatzea, eta ez teknikoa, argudiatu nahi zuten bezala. Izugarriak izan dira AEBen presioak, Israelenak eta Europar Batasunarenak, batez ere Alemania eta Erresuma Batuaren aldetik. Eta azken pausua izan da ontziari bandera kentzea. Ginea Bissauk Estatu Batuen laguntzaren menpekotasun ekonomiko handia du, eta azkenean men egin behar izan dio haien presioei.

Ez genuen uste hainbeste presio jasoko genuenik gurea bezalako ontzidi txiki baten aurka, baina hala izan da. Israelgo Armadak abordatuko gintuela esan zuen eta aitzakia ugari jarri dituzte bata bestearen atzetik. Argi dago min egin diela gure egitasmoak. AEBetako unibertsitateetan ere babes handia eman digute, eta haiek ere entzun behar izan dute antisemitak direla, betiko leloa. Gobernu ugari ari da laguntza ematen Israeli, izan zuzenean ekinez edo isiltasun bidez, eta ez dute nahi gizarte zibila mobilizatu dadin.

Ezin dugu oraindik esan noiz eta nola egingo dugun, baina egingo dugu

Gaur, larunbatez, mobilizazioak egin ditugu Istanbulen. Protestek helburu ugari zituzten. Salatzea Israelek Askatasunaren Ontzidia abiatu ez zedin egindako presioak, salatzea palestinar herriaren aurkako genozidioa, Palestinaren askatasunerako eskubidea aldarrikatzea eta argi uztea erabakia hartua dugula Gazaren blokeoa apurtuko duen ontzidia bidaltzeko. Elkarretaratze batean prentsaurrekoa eman du koalizioaren antolakuntza taldeak, eta jakinarazi gabeko manifestazio bat ere egin dugu.

Badugu frustrazioa bueltatzeagatik, noski, baina pozik gaude ere Palestinaz pentsarazi diogulako gizarteari. Oraingoz ezingo da Ontzidia abiatu, baina aterako da. Gazaren aurkako blokeoa apurtu beharra dago, humanitatearen aldeko borroka da gurea, palestinarren borroka. Ezin dugu oraindik esan noiz eta nola egingo dugun, baina egingo dugu.

 

Pili Revilla, Agus Gorbea eta Mikel Zuloaga 'Mikelon'