argia.eus
INPRIMATU
Amaia Zabarte, Realaren partida baten atarian Ertzaintzak zauritutako zalea
“Badirudi bideoko irudiak moztu eta difuminatzen ari direla, haiek kontatzen ari direnarekin bat egin dezan”
  • Pasa den martxoan, Realaren eta PSGren arteko futbol partidaren testuinguruan izandako istiluetan oso larri zauritu zuten Amaya Zabarte, ustez foam jaurtigailu batekin. Zazpi hilabete geroago, Probintzia Auzitegiak kasua ireki ala ez erabaki bezperan, elkarrizketa egin dio Noticias de Gipuzkoa egunkariko Mikel Recalde kazetariak: "Ziur naiz pilotakada jo nindutela". Orduan gertatuaz, bere osasun egoeraz eta erakundeen jarreraz gordin mintzo da Zabarte.

Jon Torner Zabala @jtorner 2024ko urriaren 28a
Ertzaintzaren karga Reale Arena inguruan, pasa den martxoan. Zale ugari estadiora sartzear zirenean oldartu ziren agenteak. Linas Korta

Zazpi hilabete pasa direnean, sarri buruko mina izaten duela dio Zabartek, oreka galtzen duela, ezin pentsa dezakeela, mundua "gainera" erortzen zaiola. "Beti izan naizen eta berriro izan nahi dudan hura izateko bide luzea geratzen zaidala iruditzen zait". Gaineratu du "albiste ona" dela neurokirurgian alta ematea, baina sintomak luzaroan izango dituela dio, eta oraindik ere badituela mugak".

"Litekeena da bizitza osorako sekuelak geratzea, baina ez dago jakiterik, denbora gutxi pasa delako nik izan dudan lesio larria bezalako kasu batentzat, hiltzeko arriskuarekin. Ez didate esaten, ez dagoelako jakiterik, baina litekeena da mentalki eta fisikoki gehiago nekatzea, buruko minak betiko izatea, hitz egitean tarteka arazoak agertzea. Ezagutzen nituen hitz batzuk ahaztu egin zaizkit, maiz totelka egiten dut... Ez dakit zein punturaino osatuko naizen".

Detonazioa

"Errepideko erdibitzailean nengoenez toporantz korrika hasi nintzen", du gogoan Zabartek. "Une horretan detonazio bat entzun nuen eta automatikoki lurrera erori nintzen. Detonazioa argi entzun nuen. Nengoen lekuan ez nuen liskarrik ikusi, jendea nirekin batera hasi zen korrika, jendea umeekin zioan, pertsona helduak zeuden... Ez zegoen istilurik sortuko zela adierazten zuen ezer: ez irainik, ez oihurik, ez zegoen ezer... Izan balira, ez nukeen estaldura toki horretan bilatuko [Zabartek telefono mugikorrean zeukan gordeta partidarako sarrera, eta QRa deskargatzerik ez zuelako aldendu zen apur bat estadiotik]. Eztanda entzun nuen, nire erorikoa gogoratzen dut, eta eztanda batek harrapatzen zaituenean bezala, gor utzi ninduen txistu hotsa belarrian, eta min izugarria".

Detonazioarena da Zabartek buruan iltzatua duen zaratetako bat. Polizien urratsena da bestea. "Detonazioak eta polizien boten hotsak inpaktatu egin ninduten. Horregatik, ospitalean nengoenean Josebari [senarra] esan nion: 'Nire gainetik pasa dira, baina iskin egin didate'". Detonazioa entzun eta "automatikoki" erori zela kontatu du: "Dena segundo batean gertatu zen, detonazioa, erorikoa eta leherketa belarrian, txistu hotsa, ez nuen deus entzuten. Nahasita nengoen, baina ziur nengoen pilotakada jo zidatela. Izan ere, lerroan jarrita gerturatzen ikusi nituenean, ez zegoen inor. Bi ertzain lerroak argi ikusten nituen, agerikoa zen detonazio bat izan zela eta pilota bat jaurti zidatela".

"Inork ez du nirekin hitz egin"

Ospitalean eman zuen denboraz luze hitz egin du Zabartek Noticias de Gipuzkoa egunkarian. "Ez nion negar egiteari uzten, eta deus ere ulertzen ez nuela sentitzen nuen, ez nuen ulertzen zer gertatzen ari zen, pentsatzen nuen tuntuna bihurtu nintzela. Gaur egun ere oraindik sentsazio hori dut batzuetan, tuntuna sentitzen naiz. 'Ni lehen argiagoa nintzen', pentsatzen dut".

Ospitalera ez zitzaion inor joan ikustera. "Ez Ertzaintzako norbait, ez politikaririk... Ez nuen horrelakorik espero, benetan. Mediku forentsea etortzea espero nuen, ZIU Zaintza Intentsiboko Unitetik atera nintzenean banekielako salaketa bat zegoela jarrita, baina inor ez zen nigana etorri".

Hedabideen presioa

"Erkorekak esandakoak mindu egin ninduen (adierazi zuen ertzainek kargatu egin zutela pertsona batzuk harriak, botilak eta bestelako objektuak jaurtitzen ari zirelako, baina irudiek erakutsi dute botila bakarra jaurti zietela karga hasi zenean). Hedabideek presioa egin zuten, gainerakoan ez ninduten Barne Arazoetatik deituko. Bilera egin genuenean hiru orduz luzatu zen. Erakutsi zidaten bideoan ez zen ezer ikusten. Metro batzuk korrika zeramatzatenean hasten da, eta ni lurrean nengoen jada. Eta irudiak lausoak dira. Harritu egin ninduen, guk lortutako bideoetako irudiak argiagoak zirelako. Sentsazioa nuen nire ahoan kontakizun bat jartzen saiatzen ari zirela, baina ez zela hura nik bizi izandakoa: esaten ari natzaizu korrika ikusi nituela, eztanda bat entzun nuela... Ez nien esan ostiko bat eman zidatenik, jakina, gauza batzuk ez ditudalako gogoratzen, baina botak nire buru ondotik pasa zirela bai. Garuneko hemorragia bat duzunean, xehetasun batzuk ez dituzu gogoratzen, normala den bezala".

"Ez nuen ezer ere ulertzen", dio Zabartek. "Badirudi irudiak moztu eta difuminatzen ari direla, haiek kontatzen ari diren historiarekin bat egin dezan, baina ez da hori ni kontatzen ari naizena. Eta zuri kontatzen ari naizen hau guztia barne arazoetakoei ere kontatu diet, medikuei... Nire bizipenak baitira. Haiek kontatzen dutena ez dator bat nire errealitatearekin. Dena oso azkar gertatu zen. Ez dago objekturik hain azkar joan daitekeena, ez bada foam bala bat. Haientzat, niri gertatutakoak bi lerro besterik ez ditu hartzen, hiru orrialdeko atestatu batean".