argia.eus
INPRIMATU
Badatoz murrizketak berriz: hala eragingo diote Nafarroako Gobernuari
  • 2025ean sartuko da indarrean Europar Batasuneko politika fiskal berria, eta horien helburu nagusia defizit publikoa murriztea izango da. Horrek erakunde publikoetako aurrekontu guztietan eragingo du eta Nafarroako Gobernuak aurreikusten du sail gehienetan egongo direla murrizketak.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko abuztuaren 29a

2008ko krisiak eraginda Europar Batasunak politika fiskal oso zorrotza ezarri zuen eta horren ondorioz murrizketa handiak izan ziren herrialde guztietan, baina bereziki Europako hegoaldekoetan: Grezia, Italia, Espainia eta Frantzia bereziki. Krisitik ateratzea errazteko eta hazkunde ekonomikoa bultzatzeko aurrekontu publikoen kudeaketarako politika malgutu zuen Europar Batasunak krisiaren une latzenen ondoren, are eta gehiago pandemiaren ondoren.

Garai hori, ordea, bukatu da eta 2025erako politika berriak indarrean jarriko ditu EBk. Horren arabera, Espainian esate baterako, Ardura Fiskalerako Agintaritza Independenteak (Airef) iragarri du datozen urteetan Espainiako aurrekontu publikoak ez direla haziko %2,7tik gora. Erakunde horren arabera, Espainian gastu publikoa gaur egun BPGaren %105ean dago eta ezer egingo ez balitz 2038rako %113ra igoko litzateke. Horregatik, gastu publikoaren doitzea ezinbestekoa ikusten du eta aipatu datarako gastu publikoa %80an utzi nahiko luke; EB zorrotzagoa da eta bere helburua %60an uztea da, eta defizit publikoa %3tik behera.

Horrek administrazio publiko guztietan izango ditu ondorio handiak. Beraz, edo murriztu edo diru sarrerak handitu, eta dilema horren aurrean administrazio gehienek murriztea erabakitzen dute, diru sarrerak handitzeko modu nagusia zerga erreforma baita, baina amu horri inor gutxik egin nahi dio kosk.

Nafarroako murrizketa aurreikuspenak

Espainiako Ogasun Ministerioko erakunde independentea den Airefek dagoeneko bi jakinarazpen egin dizkio azken hilabetetan Nafarroako Gobernuari gehiegi ari dela gastatzen jakinarazteko. Eta Nafarroako Gobernuak ohartarazpen horiek orokorrak direla esan badu ere, eraginkorrak izango dira eta politika berrien ondorioz, 2025eko aurrekontua %1ean igoko dela aurreikusten da (2024koa 2023koa baino %10 bat handiagoa izan zen). 2024koa 5.836 milioi eurokoa izan da eta datorren urtekoa 5.829koa izatea aurreikusten da.

Diario de Noticias-en Ibai Fernandez kazetariak jakinarazi duenez, lanpostu kopuru handiak dituzten kontseilaritzek ez dute murrizketarik izango euren aurrekontuetan, hala nola Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako departamentuak, edota Hezkuntza eta Osasun departamentuek. Hiru horien artean, 2.000 milioi euroko aurrekontua dute, guztiaren herenetik gora.

Gainerako departamentu gehienentzat, aldiz, eta beti ere aipatu egunkariak egindako aurreikuspenaren arabera, aurreikuspena txarra da: Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politikek izango dute murrizketarik handiena (125 milioitik 86ra, -31,5). Kultura, Kirola eta Turismoa -%17,4; Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara -%13,6; Industria, eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitala -%11,8; Lehendakaritza eta Berdintasuna -%6,4; Unibertsitatea, Berrikuntza eta Transformazio Digitala -%4,4.