argia.eus
INPRIMATU
Badator Zinegin festibalaren 12. edizioa
  • Urriaren 19tik 22ra bitartean egingo da edizio berria. Haritz Barne zinema-gelan azken urtean oihartzuna izan duten ekoizpenak eskainiko dituzte besteak beste, jarduera gehiagorekin batera.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko urriaren 16a
Zinegin festibala. // Argazkia: Zinegin

Hamabigarrena izango da aurten Zinegin festibalarentzat. 2012an sortu zenetik Hazparne bilakatu da festibalaren txokoa euskarazko ikus-entzuneko proiektuez gozatzeko. Jaialdian fikziozko, ez-fikziozko eta animaziozko lan ugari eskainiko dituzte. Horrez gain, “musika ez dela faltako ” aurreratu dute antolatzaileek. Filmen emanaldi bakoitzera sartzeko 3 euro ordaindu beharko da sarrera.

Azken urteko euskal ekoizpen esanguratsuenen proiekzioak eskainiko dituzte, besteak beste. Antolatzaileen hitzetan, haien asmoa “euskal kulturak bizitzeko behar duen hats gune bat proposatzea” da. Aurtengoan, Positive bomb (Eñaut Castagnet, Lander Garro eta Manex Fuch) film laburrarekin eta Bañolet (Paxkal Irigoyen Etxeberri eta Maia Iribarne Olharagay) fikzio parte-hartzailearekin ekingo diote.

Ostiralean, urriak 20, 10 WATT bakarrik (Oier Puentes) laburra eta Tetuan (Iratxe Fresneda) ez-fikziozko lana eskainiko dituzte. Bestalde, hiru kontzertu eskainiko dituzte, Barnez Kanpo, Haria eta Lumi taldeen eskutik. Kontzertuotan, musika eta argazkia uztartuko dituzte: Nahia Garate bere argazkiekin Barnez Kanpo taldearekin arituko da; Lumi taldea, aldiz, Nagore Legarretarekin.

Larunbatean Azken dantza maisua (Mikel Alvarez Sarriegi), Bizkarsoro eta Mirande, film bat egiteko zirriborroa (Josu Martinezenak biak) lanak aurkeztuko dira. Halaber, Unicorn Wars (Alberto Vazquez) animaziozko film luzea emango dute euskaraz. Proiekzioez gain, Tourné-monte izeneko lantegia eskainiko dute. Lantegi horretan, smartphone-a edo kamera erabilita film labur-laburrak sortuko dituzte, kronologikoki jarraian filmatzeko teknika erabilita. Taldeka edota bakarrik parte hartzeko aukera dago, eta izena eman nahiz gero zinegin@gmail.com posta elektronikora idatzi behar da.

Igandean, berriz, animazio filmak izango dira Debako Animadeba festibalaren eskutik, ordubetez. Festibalari amaiera emateko, 20.000 erle espezie (Estibalitz Urresola) eta Irati (Paul Urkijo) emango dituzte.