argia.eus
INPRIMATU
Badator Usopop 2016: nor da nor aurtengo kartelean?
  • Hemen da Usopop festibalaren zazpigarren edizioa. Larunbat honetan (maiatzak 28) eginen da Saran, Lizarrieta mendian.

Entzun! @entzuner 2016ko maiatzaren 23a

Beti bezala, musika aukeraketa bikaina eta natura uztartuko ditu. Amorante, Drame, Evening Hymns eta Fùgù Mango taldeak ariko dira aurten. Bestalde, Negua-k hiru ataletako ikuskizuna aurkeztuko du.

Zuzeneko emanaldiak ez ezik, disko jartzaileak ere izanen dira. Aurten Beirut eta Martial Jesus disko jartzaileak ibiliko dira diskoak jirarazten.

Haurren txokoa, animazioa eta ostua ere izanen dira.

Amorante

Iban Urizar elgoibartarra Andrakan edo Joseba Irazoki band taldeetan aritu da. Aldi honetan, proiektu pertsonal batekin dator. Bakarrik oholtza gainean, haren ahotsaz lagundurik, hamaika tresna jotzen ditu zurrunbilo melodiko bat sortuz. Herri folkloreak nahasten ditu gure barne intimoak kilikatuz.

Drame

Rubin Steiner, Tours hiriko musikariaren proiektua da Drame. Dantzarako gonbidapena. Haien musika Krautrock etiketapean sailkatzen dute. Musika elektronikoa izan arren, soinu guziak zuzenean joak dira tresna sintetikoei edo baxuari kongak eta hainbat perkusio txertatuz. Trantzerako musika dantzagarria, XXI. mendeko akelarrearen soinua.

Evening Hymns

Gaueko himno horien atzean, Jonas Bonetta artisau kanadiarra aurkitzen dugu. Aurten atera duen Quiet energies hirugarren lanarekin folk-rock barnerakoitik harago joan da. Neil Young edo Tom Petty bere maisuen gisako classic rock doinuak entzun ditzakegu. Ipar amerikar lautaden usainak dituzten melodiak sortu ditu, elektrizitatea gehituz haren formulari.

Fùgù Mango

Talking Heads-eko David Byrne ala Yeasayer edo Vampire Weekend-en gisara, Fùgù Mangok doinu urbano eta modernoak erritmika afrikarrekin uztartzen ditu. Nahasketa honen adibide hoberena The Stanglers taldearen Golden Brownen bertsio bikaina da. Aurten Europako festibal anitz alaituko dituzte afrobeat eta 80 hamarkadako elektro-poparekin. Usopop 7 festibalari exostimoa eta besta giroa ekarriko diote.

Negua

Joan den urtean Bilaka konpaniak graziaz eta emozioz beteriko momentu gogoangarria eskaini zuen. Haien azken sorkuntza aurkeztuko dute aurten. Hiru ataletan zatikatzen da obra berria. Sakona eta misteriotsua une batzuetan, indartsua eta animista beste batzuetan, suak eta izotzak talka egiten dute. Horrez gain, musikari hirukote bat zuzenean ariko da obrari indarra biderkatuz.

Albiste hau Entzun!-ek argitaratu du eta haien baimenarekin ekarri dugu ARGIAra.