argia.eus
INPRIMATU
Badator Joana
  • Joan den egunean, alde zaharreko kaleetatik nenbilela, nire begiek pintada batekin egin zuten topo; horrela zioen garrasiak: “Badator Joana”. “Nor demontre da Joana?”, galdetu nion neure buruari. Orduantxe gogora ekarri nuen EZLNko Markos azpi-komandanteak 1994an idatzitako komunikatu bat. Bada, orduantxe Joanarekin oroitu nintzen.

Karlos Aretxabaleta 2020ko urtarrilaren 21a

Joana gay da San Frantziskon, beltza Alabaman, asiarra Europan, chicanoa El Pason, anarkista Frantzian, palestinarra Israelen, emakumea Afganistanen, indigena Cochabambako kaleetan, Pantera beltza Detroiteko kalezuloetan, punk zalea Nikaraguan, nazien Alemanian judua, Espainiako Gerran komunista.

Betiko zapalduei nagusitasuna bueltatuko dien berori da Joana. Boterea eta kontzientzia onak izorratzen dituen hori guztia da Joana

Euskal presoa Navalcarneron zein Alcalá Mecon, bakegilea Sarajevon, maputxea Andeetan, gerrillaria Chiapasen, galeriarik eta erakustaldirik gabeko artista, etxekoandrea larunbat gau arrunt batean, alarguna Rwandan, CNTn sindikalista, aizkolaria azken guda dantzan, luma arineko kazetaria, mugimendu feministan feminista, metroko emakume bakarti hura gaueko harremanetan, erretiratu aspertua eta nekatua Habanan.

Lurrik gabeko nekazaria da Joana, negarrari ezin eutsi dagoen emakume bortxatua, editore marjinatua, lanik gabeko langilea, langabetua, plazarik gabeko medikua, ikasle konformagaitza, neoliberalismoaren etsai eta disidentea, irakurle eta libururik gabeko idazlea, eta ziur asko gerrilla girl Bilboko zazpi kaleetan.

Funtsean, Joana mundu honetako gizaki arrunta da. Joana gizarte gutxitua da, zapaldua; lehertzen, eztanda egiten, “Nahikoa da!” esaten duena. Sexismoaren aurrean tolerantzia erakusteko beldurrik ez duen kolektiboa da; makillatu gabeko mezuak bidaltzen dituena. Betiko zapalduei nagusitasuna bueltatuko dien berori da Joana. Boterea eta kontzientzia onak izorratzen dituen hori guztia da Joana.

Badator Joana... Aizkorak zorroztu!

Karlos Aretxabaleta Txapel
Euskara irakaslea