Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa Europako 50 bat hizkuntza komunitatetako ehundik gora eragilek sinatu dute. Abenduaren 17an, ekimenaren bultzatzaileek, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak eta Kontseiluak, Donostian aurkeztuko dute. ARGIAk streaming bidez eskainiko du ekitaldia.
Zer da protokoloa? Europako hizkuntza komunitate gutxiagotuetako 200 gizarte eragile ingururi galdetu diete: zuen hizkuntza eskubideak errespetatzeko zein neurri hartu behar direla uste duzue? 400dik gora ekarpen egin dituzte eragileok. Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren bultzatzaileak Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua eta Kontseilua dira. Protokoloa ez dute paper hutsean geratzeko landu, etorkizunerako tresna izatea da nahia. Gizarte eragileek proposatu dituzte protokoloaren nondik-norakoak, eta hemendik aurrera lanabes izango dute.