argia.eus
INPRIMATU
Badator garoa ebakitzeko aroa

Jakoba Errekondo 2020ko abuztuaren 27a

Garomena ikasi dugu guk etxean. Pako Aristik garomana erabili izan du, eta hiztegietan garo-sail, garo-mendi, garo-leku, garebana, garotegi, garadi, iradi, irati, iraeta, ira-baso, ira-leku, ira-arte, ira-larre, ihatsail, ira-sail, ira-zelai, iratze-sail, iratze-leku, iraztor, iraztorri, iraztor-leku, iraztordi, irastortza, iratzeta, iratzoki, iratzedi, iratze-toki, iraztoi, iratza, irebana, idadui eta ideleku behintzat badira.

Garoa oso axolazkoa da: ganaduari ohea egiteko eta gorotzarekin nahastutakoan ongarri aberatsa baliatzeko

Garoila edo iraila badator, eta garo ebakitzeari ekin beharko diogu. Irailean sartzeak zilegitzen du garo ebakitzea: “San Gil iratze-ebakitzea zil”. Garoa nekazaritza lehengai garrantzitsua da. Batez ere aziendaren azpitarako, ohatzeetarako. Garoa inaurkin gozoa da. Ganadua gustura etzango da eta haren gorotzarekin nahastuta ateratakoan luar edo samats ona egiteko gaia da. Era berean zenbait mineraletan aberatsa da eta ongarriketa ederki osatuko du. Txorakeria gutxi garai batean garoarekin! Herri-mendietako garomenak zaindu egiten ziren; subastan ematen ziren eta iraila baino lehen ezin ziren ebaki. Haren aurretik ebakiz gero landare baliotsua kaltetu egiten da. Nekazaritza iraunkorraren oinarria aziendaren zaintza eta erabilera egokitik abiatu eta bere jaten-hondakin zikloa landareen ekoizpenean mihiztatzea eta txertatzea da. Bide luze horretan garoa axolazko katebegia da; Euskal Herriko isuri atlantiarrean behintzat. Hor ditu garoak bere paisaia eta bere kultura. Garomenak zaindu egin ditugu, eta garoak geu zaindu gaitu; eman eta hartu.

Gure garoa bat baldin bada hori iratze arrunta da, Pteridium aquilinum. Arranoaren garoa dela esan dezakegu. Hegan doan arranoaren itxura du eta izenak horixe dio: Pteridium grekoz garoa dioen pteris hitzetik dator, eta era berean, hori pteron hitzetik dator, hegala edo luma itxurakoa esan nahi duenetik. Aquilinum hitzak arranoaren tankerakoa esan nahi du. Hemen beraz arrano garoa. Gure paisaietako garo arruntena den horri parez pare begiratzen badiozu, ikusiko duzu arranoaren hegal hedatua.

Zergatik deitu izan ote zaio garoari arranoaren hegala?

Eta zergatik deitu izan ote zaio arranoarena? Eta ez beste edozein hegaztirena? Hegalaren antzak ez du arranoaz hitz egiten... Bai ordea gure buruak. Taxonomia edo bizidunak sailkatzeko zientzia sortu zuenak, Lineok, eman zion arranoaren izena iratze arruntari. 1755ean adierazi zuen garo horren erroa moztuz gero ebakiduran arrano baten irudia ikusten dela. Erdi Aroan, Erasmo Rotterdamgoa bezalako jakintsuek, ebakidura horretan buru biko arranoa ikusten zuten. Egungo etnobotanikariek frondaren edo garoaren hostajearen forman hegala ikusten dute, eta lehengoei jarraituz arranoarena omen da. Zergatik arranoa? Buru biko arranoa? Mirestutako hegaztia izan da arranoa, gure imajinarioan, garrantzitsua eta beldurgarria, lurraren kulturan garoa bezala. Garoa beldurgarria ere bada, pozoitsua, inolako aziendak jaten ez duena. Euskaldunok ez diogu jarri izen hori, bestela gure itsasertzeko paduratan eta errioetan, garo lanen irailean arrano arrantzalea Afrika alderantz igarotzen delako izendatuko genuke...

Irailean hurbildu Urdaibai edo antzekoetara eta garomenean eseri eta gozatu arranoaren arrantzarekin.