argia.eus
INPRIMATU
Badator eskola txikien egun handia
  • Herri-bizitzaren motor eta bihotz, haurrak aniztasunean eta herriarekin eta naturarekin harreman estuan hezteko eredu aproposa dira eskola txikiak. Bai pedagogikoki, bai auzo eta herrietako komunitatean duten garrantzia aldarrikatzeko, aurten ere Gipuzkoako Eskola Txikien Jaia ospatuko dute, datorren igandean, Zumaiako Oikia auzoan.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2018ko ekainaren 06a

Gela berean dagoen adin aniztasuna da eskola txikien bereizgarri nagusia, eta jakina da adinak nahasteak (batzuei eta besteei) zenbat onura dakarzkien. Horrez gain, ikasle gutxi izatearen abantailak; guraso, ikasle eta irakasleen artean sortzen den harreman estua eta giro goxoa; edota lortzen diren balioak ere azpimarratzen dituzte eskola txikietako kideek. Azken finean, auzo eta herri txikietako altxorra dira, eredu propioa garatzeko estrategikoak, ez bakarrik hezkuntzan, baita herrigintzan ere.

Hori guztia ikusarazi asmoz, esparru ugaritako lagunen hitzekin bideo-bilduma egin dute jaiaren antolatzaileek: bideo bidez, eskola txikien dohainak nabarmendu dituzte Iraia Elias aktoreak, Koldobika Jauregi eskultoreak, Estitxu Eizagirre ARGIAko kazetariak, Iñaki Errasti arraunlariak…

Bestelako jai eredu bat

Duela hiru bat ediziotik, jai eredua bera birplanteatu eta neurriz txikitzea erabaki zuten, "festa handiagoa egin, jende gehiago bildu, diru etekin handiagoa atera" gurpil-zoroari muga jarri behar zitzaiola jabetuta. Ekainaren 10ean, Oikia eskola txikiak goizeko 10:30ean emango dio hasiera festari, eta jolasak, tailerrak, puzgarriak, Zumaiako Musika Bandaren dantza-saioa, pailazoak, apar-festa… izango dira egunean zehar.