Euskal Herrian sortzen den eduki guztietarako sarbidea eskaintzeko sortu du erreminta Izarkomek. Urtarrilaren 2tik aurrera egongo da erabilgai Begizta, oraingoz Izarkom eta Onaro operadoreetan. Edukia hainbat gailu ezberdinetan ikusteko aukera emango du, baita bost profil sortzekoa ere.
Abenduaren 6an aurkeztu dute, Durangoko Landako Gunean, Begizta plataforma: euskarazko telebista kanalak biltzen dituen streaming plataforma. ETB, Hamaika TB, Goiena, Kanaldude eta Xaloa, besteak beste, izango dira ikusgai.
Oñatiko zinegotzi eta Onaro Herri Telekomunikabideko arduradun Xabier Igartua eta, Izarkomen izenean, Euskal Herriko Telekomunikazio Kooperatibako zuzendari Iker Garaialdek aurkeztu dute erreminta berria.
Begizta euskarazko tokiko telebistak euskal herritar guztiengana heltzeko “zubia” dela azaldu du Garaialdek, Euskal Herrian euskaraz sortzen den eduki guztietarako sarbidea eskainiko duena. Urtarrilaren 2tik aurrera egongo da martxan, eta web-nabigatzaileen eta telebista adimendunen bidez ikusi ahal izango da. Hasiera batean, Izarkom eta Onaro telekomunikazio operadoreen bidez egongo da eskuragarri.
Streaming plataforma gehienen antzera edukia hainbat gailutan erreproduzitzeko, erreprodukzioaren kontrola aldatzeko eta bost erabiltzaile profil sortzeko aukera emango dituela nabarmendu dute sortzaileek.