argia.eus
INPRIMATU
Odolaren Mintzoa musika taldea
Badator agurra, mintzoak jarraituko du
  • 17 urteko musika ibilbideari itxiera emango dio Odolaren Mintzoak hilaren 25ean Usurbilen eskainiko duen kontzertuan. Amaiera kontzertuaren inguruan egun osoko egitaraua antolatu dute. Bidelagun izan dituzten herriko taldeek hartuko dute oholtza: Rukula, Ameba, Viafara edota Mihise taldeak ikusteko aukera egongo da.

Xuban Zubiria @xubanzubiria 2025eko urtarrilaren 14a
Eñaut Pagola

Urrun geratzen da Usurbilgo taldeak eskaini zuen lehen kontzertua. Duela 17 urte hasi zen ibiltzen proiektua, lagunak ziren Luken Arkarazo (gitarra eta ahotsa), Joanes Txueka (baxua), Beñat Txueka (gitarra) eta Jokin Irastorzak (Bateria) Odolaren Mintzoa sortzea erabaki zutenean. 2022an argitaratu zuten Hauskor lanari tiraka ondokoa idatzi nuen Argian: “Musikaltasun ezberdinei tiraka, errimak nahasteko anbizio argiarekin, melodietan bilatu izan dute ahots propioa. Erroan, baina, beti egon dira hitza, esanahia eta mintzoa”. Rock eta hardcore doinu artean anbizioa entzuleari gauzak esatea izan baita hasieratik, egunero bizi dugun hori oholtzara ekarri nahia amaierara arte.

Euskararen defentsari, internazionalismoari, prekarietateari… kantatu izan die taldeak urte hauetan guztietan. Bide horretan taldearen musika zorrozten joan dela esatera hausnartuko naiz. 2013. urtean Odolaren Mintzoa argitaratu zutenetik Hauskor laneraino, letren pisu poetikoa zein melodiak findu dituzte. Guztiokin batera koskortu den proiektua izan da, Mirabe abestiren eferbeszentziatik, 2022an Eraso taldeko Serge musikariaren laguntzaz argitaraturiko Azken Hondartza esploratzeraino. Orain arte argitaraturiko lanetan (Odolaren Mintzoa, Elkar Estudioa Sesioak, Etsipenaren aurka, Hauskor) behin eta berriz ausartu dira entzulea interpelatzen, doinu abstraktuagoekin jolasten… atrebentzia hori aitortu behar zaio Usurbilgo laukoteari.  

 Eñaut Pagola

Agurra lagun artean: Galizian eta Usurbilen

Kaki Arkarazok zuzentzen duen Andoaingo Garate estudioetan ondu izan ditu diskoak taldeak. Han egin zuen topo taldeak Galiziako Pablo Carracedo Jasper-ek zuzentzen zuen Nao proiektuarekin eta ordutik asko izan dira “Hamaika herri borroka bakarra” dinamikaren barruan bi taldeek elkarrekin eskainitako kontzertuak Euskal Herrian zein Galizian. Ama hizkuntzatik kantatzearen garrantziak batu zituen Garaten, eta ez da ordutik hautsi. Urteen poderioz harremanak estutzen joan dira bi proiektuen artean, talde bakoitzaren jarraitzaileak lagun bilakatzeraino.  

Pandemiaren aurretik Naok agertokiak utzi zituen. Jasper eta Amós Varela kideek Loita Amada izeneko proiektu berria kaleratu zuten gero. Loita Amadaren bira amaierako kontzertua baliatuko dute bi taldeen artean sortutako laguntasuna ospatu eta Odolaren Mintzoari lur galiziarretan azken agurra emateko. Kontzertua ostiral honetan izango da Santiago de Compostelako Capitol aretoan eta telonero lanak egingo ditu laukote usurbildarrak. Galizieraz egiten den musikaren festa izatea espero da larunbatekoa. Loita Amadaren kontzertuan Galiziako erreferente bihurtu diren zenbait artistak ere hartuko dute parte, tartean izango dira Taxungueiras, Nervo-Rebeliom de Inframundo, Hugo-SonDaRúa.

Santiagoko kontzertuaren ondotik agur definitiboa etxean eskainiko du Odolaren Mintzoak hilaren 25ean Usurbilgo Frontoian, herriko taldeekin batera. Kontzertuez eta egun osoko egitarauaz disfrutatzeko sarrerak salgai daude Usurbilgo Aitzaga tabernan eta usurbilkultura.eus webgunean. 10 eurokoa da kontzertuetarako sarrera eta 25 eurokoa kontzertuak eta herri bazkaria.