argia.eus
INPRIMATU
Joango al da Urkullu Irunera, alarde parekidea babestera?
  • Galdera hori egin dio zuzenean Oihana Etxebarrieta EH Bilduko legebiltzarkideak lehendakariari Eusko Legebiltzarreko saioan. Urkulluren erantzuna: "Non egongo naizen ikusiko duzu eta egongo naiz egon behar naizen tokian. Norekin nagoen entzun duzu", aurretik alarde parekidea begi onez ikusten duela esan ostean.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2017ko ekainaren 28a

Legebiltzarreko talde guztiei gonbidapena egiten die Alardezaleak elkarteak, ostiralean alarde parekidea babestera Irungo udaletxeko balkoira joateko. "Galdera argia da, bertara hurbiltzeko asmorik daukazu Urkullu jauna?", bota dio Etxebarrietak.

Urkulluk ez du argitu bera joango den: "Eusko Jaurlaritzak eta nik neuk alarde parekidea begi onez ikusten dugu. Esan behar dut urtero bezala, nik ordezkatzen dudan gobernuak izango duela ordezkaritza, Emakunde lehendakaritzako institutua da eta beraz goi mailako ordezkaria izango da. Orain arte berak ordezkatu du Eusko Jaurlaritza osoa. Emakundeko zuzendaria hor izango da. Berriro diot Eusko Jaurlaritza honek alarde parekidea begi onez ikusten dugu ni bertan izan ala ez".

Etxeberrietak berriro hitza hartzean adierazi dio badakiela Emakunde bertan izango dela, Arartekoa ere izaten dela, eta azken honek adierazi zuela Lehendakaria bertan izatea aurrera urratsa litzatekela. "Guk galdetzen dugu non egongo zaren: jai parekideen alde borrokan ari direnekin ala besteekin?". Berdintasun arloan egindako aurrerapsuaoak zerrendatu ditu Etxebarrietak. Irun eta Hondarribian EAJ eta PSEko alkateek jai baztertzaileari harrera ofiziala egiten diotela aurpegiratu dio, berriro ere gonbidapena eginez bertaratzera. "Zure parte hartzea aletxoa izango da, batu zaitez parekidetasunaren festara".

"Non egongo naizen ikusiko duzu eta egongo naiz egon behar naizen tokian. Norekin nagoen entzun duzu–, erantzun dio Iñigo Urkulluk–. Berdintasunean aurrera egitea gure gobernu programan dago eta gure konpromisoa da eta legealdian zehar ekimen asko egiten ditugu berdintasuna bultzatzeko".

Ikusi eztabaidaren bideoa: