argia.eus
INPRIMATU
Babes zabala jaso du baratzeak lantzeko eskubidearen aldeko sinadura bilketak
  •   “Baratze guztiak behar ditugu” sinadura bilketa abiatu du Uliako Lore Baratzak apirilaren 14an.

Garazi Zabaleta 2020ko apirilaren 17a

Konfinamendua hasi zenetik zalantza ugari izan dituzte Euskal Herrian zeharreko baratzezainek: “Gure baratzea lantzeko aukerarik badugu?”, izan da galdera nagusia. Badirudi hartutako neurriek autokontsumorako baratzezainen aurka egin dutela: baratzea etxetik aldendua dutenek bertatik barazkiak jasotzearekin konformatu beharko dute. Edo ez? Herritar asko ez dago konformatzeko prest, eta martxan jarri dute “Baratze guztiak behar ditugu” sinadura bilketa. Uliako Lore Baratzeetatik sortu da ekimena.

Baratzeak ez ote prebentzio?

Konfinamenduan hartu diren neurriak kontuan izanda, badirudi supermerkatuetan saltzen dituzten barazkiak baratzeetakoak baino garbiagoak eta seguruagoak direla. Baina ez al du arrisku gehiago supermerkatu itxietan jendea pilatzeak, bertako produktu gehienak urrutikoak eta esku askotatik pasatutakoak izanik gainera? Manifestuan diotenez, neurriak idatzi dituztenak ahaztu egin dute autokontsumorako baratzeek milaka pertsonei bitartekaririk gabe jaten ematen dietela, eta ondorioz, koronabirusarekin kutsatzeko aukerak murrizten.

Udako baratzea prestatzen eta lantzen hasteko garaian harrapatu gaitu koronabirusaren itxialdiak, eta orain egiten ez den lanak ondorio zuzenak izanen ditu hurrengo uztetan. “Hurrengo asteetan produktu freskoen edozein motatako hornidura falta egongo balitz, etorkizuneko uztak ziurtatu ahal izateak gutxitu egingo du herritarren zaurgarritasuna”. Beraz, autokontsumorako baratzeek gizartean eta lurraldean duten onura ere kontuan hartzeko eskatu dute manifestuan.

Eskaera argia Jaurlaritzari

“Azter ditzala orain arte baratzeen erabilerari jarritako murrizketak, baratzeko uzta biltzeaz eta mantentzeaz gain, sasoiko landaketa eta ereite lanak ere egin ahal izatea, beti ere osasun irizpideak mantenduaz, udako eta udazkeneko uzta ziurtatzeko”. Horretarako, autokontsumorako baratzeen jabetza izaera konplexua kontuan hartzeko eta landare eta haziak erosteko pertsonen mugikortasuna baimentzeko ere eskatu diote. 

Uliakolorebaratzak.wordpress.com webgunean dago manifestu osoa irakurgai eta bertan atxikitu daitezke eragile nahiz norbanakoak. Apirilaren 14an abiatu dute sinadura bilketa eta apirilaren 16rako 78 eragilek eta 2.000 norbanakok sinatua zuten. Baratze guztiak eta gehiago beharko ditugulako honetatik ahalik eta ongien ateratzeko...