argia.eus
INPRIMATU
Babes gutxi jaso du NATOko tropak Ukrainara bidaltzeko Macronen planteamenduak
  • Ukrainari buruzko nazioarteko bilera burutu zuten otsailaren 26an hogei bat estatuburuk eta horren berri emateko prentsaurrekoan bota du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak NATOko tropak Ukrainara bidaltzeko planteamendua.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko otsailaren 28a
Argazkia: France Diplomatie - MEAE

 “Ardura beregain hartu eta tropak modu ofizialean eta asumituan bidaltzeari buruzko kontsentsurik ez dago gaur egun. Baina, aurrerantzean ez dugu ezer baztertu behar. Ahal dugun guztia egingo dugu Errusiak gerla hori ez irabazteko”, izan dira Macronen adierazpenak kazetari baten galderari erantzuterakoan. Hala eta guztiz ere, berehala plazaraturiko erreakzioek argi utzi dute ez dela NATOren postura ofiziala. Asteartean berretsi egin du bere adierazpena.

Macronek bere inguruarekin hitz egin gabeko adierazpenak egitea ez da berria. Herbehereetako Lehen ministro Mark Ruttek argitu nahi izan du NATOren interbentzioaren gaia ez dela bilerako aipamenetan egon.

“Europaren iraunkortasunarentzat” ezinbestekotzat jo dute Ukrainaren garaipena, eta beste behin erabateko sostengua adierazi diote Kievi.

Adosturikoa: armagintzan laguntzeko koalizio berri bat

Helmen ertaineko eta luzeko misilen bidalketarako koalizioa sortzea erabaki dute estatuburuek. Horrez gain, bost gaien inguruko “kontsentsua” dutela zehaztu du Macronek: “ziber-defentsa”, “armen koeraikuntza”, Ukrainako gerragatik arriskuan diren herrien defentsa (adibidez, Moldavia), Bielorrusiarekilako mugan Ukrainaren alde egitea “modu ez militarrean” eta minen kentzeko operazioetan laguntza.