Artisten aldizkakotasuna aintzat hartuko da aurrenekoz Espainiako Estatuan. Langabezia prestazioa jasotzeko kotizatu beharreko gutxieneko egun kopurua murriztu egin dute: zehazki, hemezortzi hilabetean 60 egunez lan egin izana egiaztatu beharko dute.
Frantziako Estatuan 1936. urtetik indarrean dira kultura sektoreko langileen baldintzak hobetzeko mota bateko edo besteko neurriak. Aldizkakotasuna aitortzeko gutxieneko lan-jarduera egin behar dute hamabi hilabeteko epean; erregistratu behar dute 507 orduz egin dutela lan, gutxienez. Behin hori lortuta, langileak laguntza ekonomikoak jasotzen ditu kontratu bat amaitu eta bestea hasi bitartean.
Espainiako Estatuan, aurrenekoz, 2023an ezarriko da indarrean Artistaren Estatutua deritzon araudia. Duela lau urte eta erdi adostu zuten alderdi politikoek kulturaren sektoreko lan baldintzak hobetzea, bereziki fokua aldizkakotasunean ezarrita; gobernuak, Ministroen Kontseiluan, joan den urtarrilean onartu zuen lege-dekretua, eta gehiago garatzekotan geratu da, nahiz dagoeneko indarrean egon. Sektoreko langile guztiei zuzendutako estatutua da; besteak beste, artista, kameragile, musikari eta teknikariei.
Frantziakoaren gisako langabezia-prestazioa eskaintzea jaso da lege-dekretuan, aldizkakotasunaren araberakoa: kotizazio-baldintzak malgutu eta egokitu egingo dira erretiro-prestazioa "beste edozein lan-jardueren modukoa" izateko; jabetza intelektualaren eskubideak jasoko dira; eta azkenik, punturik eztabaidatsuena, autonomo diren eta diru-sarrera apalagoak dituztenen kasuak egokitu egingo dira: urtean 3.000 euro baino gutxiagoko sarrerak dituzten artista autonomoek, hilean 161 euroko autonomo-kuota ordaindu beharko dute.
Aldizkakotasunaren araberako langabezia-prestazioa bi ereduren artean erabaki beharko dute: hemezortzi hilabeteko epean 60 egunez kotizatu eta 120 eguneko prestazioa jasotzea; edo epe luzeragora begira, sei urteko epean 180 egun kotizatzea –lehen bikoitza zen–. Argitzeko geratu da, hala ere, artisten Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zergarekin zer gertatuko den; 2021eko jarduerak estatuturik gabe gauzatu direnez, datorren urteko udaberrira arte ez da helduko arazoa.
Aurkezpena, Donostian
Askotariko alorretako artista eta sortzaileak elkartu ziren astelehenean Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean, Espainiako Gobernu ordezkarien azalpenak entzuteko aurrenekoz eta aurrez aurre. Sortzaileei "konponbide duin bat" emateko moduko erreminta izango dela adierazi zuen Denis Itxasok; Espainiako Kultura Ministerioko zuzendari nagusi Adriana Moscoso del Pradok, berriz, "artistei aurrenekoz aitortza" emateko modukoa izango dela azaldu zuen. Administrazioaren eta gizarte zibilaren arteko lan eta elkarrizketa dinamikaren bitartez landu delako Espainiako Estatu mailan, eta horietaz harro, artisten ahotsa entzun eta jaso delako.
Berria kazetak jaso duenez, sortzaileen artean sorturiko kezka nagusia sortzaile autonomoen egoera izan zen. Moscoso del Pradok defendatu zuen lege-dekretu berria: "Kuota berezi bat aurreikusten da ordainsari oso txikia jasotzen duten autonomoentzat, eta erabateko bateragarritasuna ezartzen da erretiro-pentsioaren eta jardun artistikoaren artean". Dena den, gobernuko ordezkariek nabarmendu zuten "itxi gabeko arau zerrenda" dela oraindik.