argia.eus
INPRIMATU
Assaden Baaz alderdiak eta haren aliatuek irabazi dituzte Siriako parlamentuko hauteskundeak
  • 255 eserlekutatik 177 eskuratu ditu al-Assaden “Batasun Nazionala” izeneko hautagaitzak.

Mikel Eizagirre 2020ko uztailaren 22a

Siriako hauteskunde parlamentarioetan eserleku gehienak eskuratu ditu Baxar al-Assaden gidaritzapeko Batasun Nazionalak, 255 aulkitik 177 koalizioarenak izango baitira.

Hauteskunde prozesua siriarrentzat “ahalik eta irisgarriena” izatea bermatu zutela adierazi du Gobernuak, izan bere kontrolpeko lurraldean zein Mendebaldeko potentzien babesa jasotzen duten SDFren eskuetan dauden guneetan, Siriako lurralde subiranoaren %70ean, zehazki. Gerra hasi zenetik Raqqa eta Al-Hasakah probintzietan eta Idliben gobernuaren kontrolpeko zatietan hauteskundeak egin diren lehen aldia izan da.

Aurretik, eremu horiek kontrolatzen zituzten talde armatuek ez zioten Siriako Gobernuari hauteskundeak antolatzen uzten, egun Siriaren lurraldearen gainontzeko %30ean egiten duten bezala. Dena den, SDFk ez du onartu bozak egitea bere araupean dauden guneetan, gerra zibila amaitzeko elkarrizketa eta akordioa erdietsi baino lehen herritarrak botoa ematera deitzea erabaki “goiztiarra” izan dela uste baitute.

Herrialdeko agintariek deialdia “bidezkoa” izan dela adierazi dute, eta hautagaiek, haien ordezkariek eta hedabideek bozketa bera eta botoak zenbatzeko prozesua monitorizatu dituztela diote. Gobernua aitortzen ez duen oposizioak, bere talde armatuekin batera, erabat baztertu zituen hauteskundeak. Parte hartzeari uko egin zionez, agintean den koalizioaren aurrean oposiziorako aukera gutxi izan da hautestontzietan.

Hauteskundeak COVID-19 pandemian zehar egin direnez, boto-emaileen tenperatura egiaztatu zen hauteslekuetara sartzen utzi baino lehen. Hauteskunde-funtzionarioek, berriz, maskarak erabili behar izan zituzten eta boto-emaileen lerroek urruntze soziala betetzen zutela bermatu zuten.

Mehatxupean

Astearte honetan aire erasoa egin zuen Israelgo Aire Armadak Sirian. Sionisten hegazkinek erasoa jaurti zuten Golango Gainetako zerutik –Israelek okupatutako goi-lautada–. Hegazkinen aurkako defentsa siriarraren misilak Damaskoko zeruan ikusi ziren Israelen erasoaren ostean. Siriako hedabide ofizialek jakinarazi dutenez, hainbat misil israeldar atzeman zituzten euren helburuetara iritsi aurretik.