Mundu mailako inperioaren urbs estatubatuarra –eta haren periferiako lurbira osoa– Donald Trumpen bigarren agintaldirako kontuak ateratzen ahalegintzen ari garenean, tentsioak gorabidean jarraitzen du datozen lau urteetan, zalantzarik gabe, arreta-gune nagusietakoa izango den Txina Hegoaldeko Itsasoan.
Azken mugimenduak juridikoak izan dira gehienbat, baina joaira kezkagarria erakusten dute. Eta auziaren gune kritikoenetako bat dakarte lehen planora: Scarborough Shoal atoloia.
Lehen urratsa, aspalditik eginbidean zena, Filipinek egin dute, bere itsas-esparrua finkatzen duen legea onetsi eta indarrean jarrita. Berehala, Txinak biziro arbuiatu du pausoa, eta ingurumari hartako bakea arriskuan jartzea egotzi dio Manilari. Baina ez da horretara mugatu Pekin: “Huangyan Dao ingurumariko muga-lerroak” finkatu dituela jakinarazi du berehala. Filipinek beretzat berretsi duten esparruaren barnean, noski.
Krisiaren epizentroetako bat izatera behartuta dagoen gunera garamatza horrek. Txineraz Huangyan Dao, tagaloz Bajo de Masinloc eta, besteak beste, ingelesez Scarborough Shoal deitua atoloi handi bat da Txina Hegoaldeko Itsasoan dagoena, Luzondik 120 itsas miliatara. Ur gainean apenas agertzen den hiru angeluko hareazko uztai bat da, ehun bat kilometro koadrokoa, barneko aintzirarako sarbide estu bat duena. Eta horrexegatik, historikoki eta gaur egun ere, arrantzaleen artean oso estimatua ekaitzaldietan babesteko.
Baina ez da hori haren tasun preziatuena gaur egun. Ezta ingurumariko itsas zorupean egon daitezkeen erregai fosilak eta gainerakoak ere. Gaur-gaurkoz gizakien bizimodu iraunkorrerako aukerarik ez duen atoloiak kokapen ezin estrategikoagoa du, demagun, Manila eta Badia Handiko (Hong Kong, Shenzhen, Guanzhou, e.a.) portu txinatarren arteko bidean. Eta ikusmira zabalagoarekin, Malacako itsasartea eta Taiwan, Japonia, Korea eta Txina iparraldearen arteko itsas joan-etorrien zaintzarako. Hartarako gaituko balute.
Berariazko kasua da Scarborough Shoalekoa, Paracel eta Spratley uhartedietako gorabeherekin lotura zuzenik gabekoa. Eta Filipinak eta Txina aurkaratzen dituena, soilik, bere kokapenagatik. De facto, Txinaren kontrolpean dago, baina hainbat liskar izan dira bertan azkenaldian. Orain, bere presentzia ez ezik indarra erakusteko unea dela ebatzi bide du Pekinek. Duela hamar urte, handik 400 miliatara egindako “irlagintza” errepikatzeko asmoa duelako, beharbada?
Seguru aski, ezezaguna egingo zaio Scarborough Shoal Trumpi; baina norbaitek jakinaren gainean jarri beharko luke, tentuz...