argia.eus
INPRIMATU
Zenbat ospitale manten liteke euskal piezak dituen Eurofighter hegazkinetan xahutzen duten diruarekin?
  • Euskal Herrian ekoitzitako piezak dituen Eurofighter guda hegazkinetan Espainiako Estatuak gastatuko duen diruarekin 25 ospitale manten daitezke. 2019an mundu osoan 1,92 bilioi dolar gastatu zituen estatuek armagintzan, aurreko urtean baino 95.000 milioi dolar gehiago. Gastuak laugarren urtez egin du gora, eta azken hamarkadako handiena da iazkoa. Delàs eta Bureau bakearen ikerketa zentroek nabarmendu dutenez, "militarizazioa hazten ari da modu kezkagarrian, osasun, klima eta gizarte larrialdian gauden honetan". Gastu militarrak murriztu, armagintzan gehiago ez inbertitu eta diru hori lehenbailehen osasun inbertsiora bideratzea eskatu dute bi ikerketa zentro hauek.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2020ko apirilaren 28a

Delàs eta Bureau bakearen ikerketa zentroek adierazi dute “oso eraginkorra izan dela NATO bezalako erakunde militarrek egin duten presioa, aurrekontu militarrak handitzeko”. NATOko estatuek elkarrekin 1,03 bilioi dolar gastatzen dute armagintzan, mundu osoko gastu militarraren %54.

Munduko gastu militarraren ia bi herenak bost herrialde hauek egiten dute: AEB, Txina, India, Errusia eta Saudi Arabia.

Espainiako armagintzaren hurrengo gastuak, Euskal Herriko enpresen pagotxa
PSOEren gobernuak armamenturako zazpi “programa berezi” onartu ditu 2018tik. Guztien artean 13.000 milioi euro gastatuko du armagintzan. Hain justu, egingo diren makina hiltzaile horiek ekoizten Euskal Herriko enpresak aritzen dira: Eurofighter hegazkina, bost F-100 Fragata, 348 VCR erasorako ibilgailu eta 23 helikoptero NH-90.

Osasun krisia militarizatzeko baliatu du estatuak
Delàs zentruak salatu du “osasun krisi honi eman zaion erantzun militarizatua eta horrek ekartzen duen kostua. Zibilekin kudeatu zitekeen egoera, armada horretan aritzea baliabideak xahutzea da. Birusaren aurka egiteko ez dugu jende armatua behar, behar duguna osasun sistema indartsua da”. Gaineratu dutenez, “gastu militarra ikaragarri gutxitzeko garaia da, diru horrekin benetan munduarentzako mehatxu diren gauzei aurre egiteko politikak finantza daitezen”. 

Erreportaje honetan irakur dezakegu zehazki Euskal Herrian lantokia duten zein enpresek ekoizten duen makina hilgarri hauetako bakoitza.