Transmisioa eta dantza taldeetako erreleboa aztertu nahi izan dugu Dantzan Ikasi topaketetan, eta gazte belaunaldiek lan egiteko ereduak ezagutu nahi izan ditugu “Gazteen parte-hartzea euskal dantzan” mahai inguruan: Eder Niño Barakaldoko Laguntasunatik, Jone Garreta, Inhar Torres eta Aritz Ibañez Iruñeko Dugunatik eta Unai Esturo Iurretako dantzari taldetik.
Hiru taldetako errealitateak ezagutu ditugu, bakoitza mundu bat da, baina dantzari gazteen mugimendua sumatzen da talde horietan eta horretarako gakoak ezagutu nahi izan ditugu.
Barakaldo 100.000 biztanleko herria da eta Laguntasuna taldeak aurten bete ditu 75 urte. Txikien dantza eskolan 5-16 urte bitarteko bost dantzari talde dituzte, pixkanaka Bizkaiko eta Euskal Herriko hainbat dantza ikasten dituztenak talde handira iristerako. Helduen taldean, berriz, 17-30 bitarteko 25 dantzari dabiltza. Euskal dantzez gain, dantza talde izaera gainditu eta kultur erakunde moduan ikusten dutela taldea dio Eder Niñok, “Gazteon parte hartzea bultzatzeko ez dago formula magikorik. Baina komunitatea eta sareari ematen diogu garrantzia. Denok egiten dugu lan boluntarioki, harreman asko ditugu, denak lagunak gara eta ezinbestekoa da dantza talde osasuntsu izateko”.
Duguna ere 75. urteurreneko ospakizunetan dabil aurten. 200.000 biztanleko hiriko dantza taldea, hain zuzen ere, bertako udalak sortua hiriko festa eta ekitaldi protokolarioetarako, hala aurkeztu du taldea Aritz Ibañezek. Dantza eskolan 70 bat haur eta gaztetxo dituzte eta helduen taldea 50 dantzarik osatzen dute. Horietatik 25 bat 20 urte azpikoak dira. Duela urte batzuk dantza errepertorio propioa sortu zuten Iruñeko festetarako, eta, batez ere, horietan egiten dute indar.
Unai Esturo Iurretako dantzariak aipatu du beste taldeekiko ezberdina dela eurena: “gerra zibil aurreko egitura batetik gatoz. Gure herriko dantzak bakarrik dantzatzen ditugu Durangaldeko ezpata-dantza zikloa, erregelak eta gorulari-dantzak. Ikasi behar ditugun dantzak ez dira ugariak, baina saiatzen gara daukaten erroari eutsita eta nagusiek erakutsi ziguten bezala, atzera begiratuz dantzatzen”. 3500 biztanle ditu Iurretak eta momentu honetan dantzan ikasten 13-16 urte bitarteko 23 bat gazte dabiltza, plazara dantzara ateratzen direnak beste 20 bat dira.
“Ni dantzaria izan naiz txikitatik, nire nortasunaren parte da dantzan egitea eta inguruko askoren kasuan ere berdina dela esango nuke. Nire ustez motibazioa da txikitatik izan dugula dantzarekiko maitasuna eta dantzatzeko gaitasuna hobetzeko nahia”, dio Jone Garreta Dugunako dantzari gazteak. Talde bereko Inhar Torresek, berriz, giroa eta onurak nabarmendu ditu, “dantzan sortzen den giroak erakartzen nau. Dantza asko maite dut desestresatzen nauelako, oso gustura nago momentu horietan dantzan”.
Niñok familiak bultzatu zuela dantzara dio, “nire amak betidanik jo izan du txistua eta Laguntasunan jarraitzen du, arrebak dantza egiten du, beraz, familiako sagari jarraitu diot”. Gakoa haurrak dantzara bultzatzeko orduan dagoela uste du, “behin apuntatuta hor gelditzeko estimuluak badaude”. “Gure kasuan herriko jaiak ez dira ulertzen dantza barik. Herriko jaietan protagonista totalak dira dantzariak”, Esturok uste du jaietan ematen zaion indar, fama eta garrantzia dela giltza beraien kasuan, “hori gustatu egiten zaigu eta konturatzen zara dantzan arituta herrian norbait zarela”.
Iurretan bezala, festetako dantzak badira amua Iruñeko dantzari gazteentzat. Dugunak badu protagonismoa jaietan, “dantzatzeko grina duten ume horientzat sanferminetan dantzatzea motibazioa handia da. Nik ikastetxean egiten nuen dantzan eta sanferminetan pentsatzen nuen nik hor egon nahi nuela egunen batean”, azaltzen du Garretak. Torres ere paretsu, “nik betidanik Dugunan dantzatu dut eta sanferminetan dantzatzea izan da beti helburua. Helduak ikusten nituen dantzan eta ikaragarria, oso polita iruditzen zitzaidan, nahi nuen horretara ailegatu”.
Esturok dio ahalegin berezirik ez dutela egiten, “orain saiatzen gara 2-3 urteetan deialdia egiten. Ezin dugu galdu dantzaririk bere belaunaldiari ez zaiolako suertatu. Deialdia egin behar dugunean herriko ikastetxera joaten gara”. Ahoz aho ere ibiltzen direla dio, denak ezagutzen dira elkar, beraz, bati esan eta ingurukoak ea animatzen dituen.
Niñok ikusten du pandemiaren ondorioz dinamikak aldatu egin direla eta orain lehen egiten ez zuten esfortzua egiten dutela jendea erakartzeko, “aisialdia oso beteta dago, gu ere boluntario gabiltza eta askotan denon puzzleak koadratzea ez da erraza. Jaitsi egin da matrikulazio kopurua, baina gaudenak konpromiso handiz gabiltza”.
Torresek Dugunak egiten dituen zenbait ahalegin aipatu ditu, “gazteak erakartzeko bideoak egiten ditugu, kartelak... baina azken urteetan neskak erakarri ditugu, mutilak kostatu egiten da”. Garretak dio bera lagunen bidez hasi zela, eta azken urteetan asko horrela iritsi direla taldera. “Lehen etortzen ziren haurrak eta orain bila joatea tokatzen da”, dio Ibañezek. Bestalde, duela urte batzuetatik Iruñeko ikastetxe batekin duten hitzarmenaren berri eman du, “ikastetxe horretan dantza eskolak hartzen dituzten umeek aukera dute ibilbide hori jarraitzeko gure taldean”.
Niñok 12 urteak azpimarratu ditu, “adin tarte gogorra da. Ni mutila izanda, mutil gutxi geunden bestela ere, eta kideek dantza utzita ba babesa galtzen da”. Nerabezaroan benetan dantza gogoko dutenek eta jarraitzeko nortasuna dutenek bakarrik jarraitu ohi dute. Izan ere, “12 urteren bueltan gurasoen eskutik joateari utzi eta zure esku dago. Adin horretan pertsonalitate handirik ez da izaten askotan eta erabaki behar izaten da zu bakarrik entsegura edo lagunekin parkera joatea. Bestalde, dantza taldeek konpromisoa eskatzen dute eta egun horri eustea zaila egiten da”.
Publikotik Idoia Lahidalgak hartu du hitza: “Euskal dantzek eskatzen dizute oso gaztetatik militantzia puntu bat eta egon behar zara benetan presente, eta pertsonalitatea handia izan behar duzu. Askotan adineko bakarra izaten zara taldean eta gaztea zarenean benetan behar duzu indarra eta nahi izateko aurrera jarraitu. Bestalde, niri gogorra egiten zait nire lagunak inoiz ez etortzea ni ikustera”. Monika Bañalesek gurasoen konpromisoak duen pisua azpimarratu du, “gurasoek askotan konpromiso falta izugarria agertzen dute, ez diote garrantzirik ematen entsegu edo ekitaldiari eta ondorioaz haurrek ere ez”.
Torres koadrilako dantzari bakarra da, “dantzakoekin beste kuadrilla bat egin dut. Adinekoekin eta zaharragoekin harremantzen naiz horrela”. Dantzak beste harreman sozial batzuetarako ateak ireki dizkietela diote guztiek, “hainbeste ordu pasatzen ditugu elkarrekin, gure lagun sare handi bat dantzan dagoela”, Garreta pozik da eraiki dituen harreman berriengatik, eta batez ere, gainerako lagunek sanferminetan eta beste ospakizun batzuetan ikusi dutelako dantza garrantzitsua dela eta aitortzen diote.
Esturori kosta zaio koadrilan dantzari behar zaion lekua ematea, koadrilako bertsolariek pisu handiagoa izan dutela dio: “azken urteetan aldarrikatu dut: dantzaria naiz eta nik egiten dudanak zuek egiten duen beste balio du. Beti izan da dantza bigarren mailakoa. Ni saiatzen naiz gazteei esaten egiten dugun hori ez dela herriko gauza bakarrik. Durangaldean oso garrantzitsua da eta Euskal Herriko sokaren parte ere bada”.
Haurraren garapen etapei erreparatu beharra ikusten du Patxi Monterok: “nerabe gazteak behar du atxikimendua pertsona edo irakasle batekin, atxikimendua kausarekin eta taldearekin. Taldea oso garrantzitsua da, komunitatearen parte izatea eta hori lotzen da ondo pasatzearekin. Baita ere adin horietan pizten hasten da ardura eta interes soziala eta horrekin batera protagonismoa”. Idatzia dago zer behar duen gazte batek eta horietako gauza asko dantza talde batean aurkitzen dira. Josune Zubeldiarentzat dantza ondo pasatzearekin lotzea da giltza, “dantzak izan behar du jolasa. Jolasa dagoen bitartean gazteek jarraitu egiten dute, erlaxatzeko momentua ere bada. Eta horrekin katea jarraitzea errazagoa da”.
Nerabezaroa adin kritikoa dela aipatu da, baina Kattalin Zaratek orduan ikusi zuela argia kontatu du: “Lezamakoa naiz, herri txikikoa. Bakiora joaten nintzen benetan gura nuelako dantza egin, baina berezia nintzen beste herri batera dantzara joaten nintzelako. Institutuan hastean ikusi nuen ondoko herrietan asko ziren dantzan ari zirenak, dantzan bizi nahi zutenak. Gazte horiekin erosoago sentitzen nintzen; ulertzen nindutelako, azkenean, hizkuntza berean aritzen ginelako. Hor lasaitu nintzen eta dantzari eta dantzak ekartzen duen guztiari gustua hartu nion”.