argia.eus
INPRIMATU
Ba al dakizu zein musika tresna den hurritz azalez egiten den sunprinua?
  • Sunprinua musika tresna bat da. Larraungo bailarako Urrizti herrialdekoa. Itxuraz, dultzaina baten tankera du. Hurritzaren (Corylus avellana) azalarekin egiten da. Orain da sunprinua egiteko hurritzari azala kentzeko garaia.

Jakoba Errekondo 2020ko maiatzaren 28a
Basaburu Ttikiko zurgin batek 2010ean egindako sunprinuak.

Maiatzeko ilgorako izerdialdi bortitza haltza (Alnus glutinosa) botatzeko erabiltzen zela argitaratu, eta jabetu naiz geuk ere badugula maiatzeko izerdialdia. Jende mordoak idatzi, erantzun, osatu eta galdetu dit maiatzeko ilgoraz, izerdialdiaz, haltzaz eta gurdi-gainekoaz. Horietako bat izan da Ibarruriko Undebeittiko Antton Gorrino, Bizi Baratzearen facebookeko horman.

Anttonek idatzi zuen haltza botatzeko bezala “hurritz azalarekin sunprinua egiteko sasoia ere bada!”. Eta niri bai hasi zitzaidala izerdia bor-bor. Eta bol-bol, bar-bar, bal-bal, bur-bur, bul-bul, bro-bro, pul-pul, pil-pil, pir-pir, fil-fil, txir-txir, gar-gar, gal-gal, gir-gir, gol-gol, kal-kal, pol-pol, txil-txil, zir-zir, zarra-zarra eta parpaz. Segituan erantzun nion “sunprinua” zer zen galdetuz. Ordurako miatuak nituen eskura harrapatutako hiztegiak eta bakar batean ere ez zen sunprinurik. Eskerrak Anttonek dri-dra erantzun zidan. Erantzunean Juan Mari Beltran Argiñena jakintsu handiaren lana aipatzen zidan, baita hark idatzitakoetarako estekak bidali ere. Eta sunprinuarenaz jabetzen ari nintzen eran lilurak harrapatu ninduen. Izan ere, zer gutxi dakigun gure kulturaren landareez...

Sunprinua musika tresna bat da. Larraungo bailarako Urrizti herrialdekoa. Itxuraz, dultzaina baten tankera du. Hurritzaren (Corylus avellana) azalarekin egiten da. Hurritz altsuma luze, zuzen eta adarrik gabekoarena behar du; osokoa eta zulorik gabea izan dadin. Metro pare bateko adarrari azala espiralean kentzen zaio eta sei bat zentimetro zabaleko xingola luze-luze bat aterako da. Xingola hori tutu koniko bat osatuz estu-estu bilduko da, dultzaina luze baten itxura emanez. Mutur estuena ebaki, eta pita (pipitta, fita...) izango da, ahoan putz egitean bibratu egingo duena. Beheko mutur zabalena ireki ez dadin ziri bat sartzen zaio, “errena”, eta elorri zuriaren (Crataegus sp.) arantza izaten da. Behatz erakusleek helduko dioten tokian bi zulo egiten zaizkio eta horrek hiru tonuko tresna bihurtzen du. “Durunbele” esaten zaio tresna horren doinuari edo musikari. Artzainen tresna da, mendiko larreetan daudenean eta, batez ere, ilunabarrean jaisten direnean herriaren gaineko aldean geratu eta bertatik jotzen dute, bakoitzak bere aldetik laster etxean direla adierazteko. Herri bueltako mendi maldetatik, kontzertu estereofoniko ederra izango zen... Negu Gorriak taldearen 1991ko Gure Jarrera diskoaren sarreran sunprinua entzuten da.

Sunprinua hurritz azal soila da. Bera erraz eta osorik kentzekotan hurritzak izerdi betean izan behar du. Juan Marik 1996an Iribasko Juan Bautista Lasarte elkarrizketatu zuen eta hark zion sunprinutarako hurritza maiatzaren erditik gora moztu behar dela; Anttonek zioen bezala, udaberrian ondo sartuta azal berria izerdi burrustan denean, haltzaren moduan... Gero ere sunprinua uretan egoten zen: ilunabarreko joaldiaren ondoren, putzura edo askara. Horrela, uztailaren hasiera aldera arte jotzeko moduan eusten zioten.

Araitz-Betelu aldean tronpeta edo tutubia egiten omen zuten, behatzentzako zulorik gabea. Europa osoan beste landareen azalekin ere egin izan omen dira antzeko tresnak: lizarra (Fraxinus excelsior), intxaurrondoa (Juglans regia), sahatsa (Salix sp.), urkia (Betula sp.) eta gaztainondoa (Castanea sativa).

Eta nondik ote dator sunprinu izena? Albokaren muturreko fita edo pipittari sungurrino eta sunpurrina ere esaten zaio...