argia.eus
INPRIMATU
Azueloko alkateak udalaren lokaletik kanporatu nahi du Santa Engracia elkartea
  • Herria bizirik mantetzeko “lan handia” egiten duela aldarrikatu du elkarteak. Sinadurak biltzen ari dira 1975. urtetik erabiltzen duten lokala ez galtzeko.

Olaia L. Garaialde 2024ko apirilaren 03a

Ia mende erdia darama Azueloko (Nafarroa) Santa Engracia elkarteak auzolanean herria biziberritzen. 41 biztanle ditu herriak, eta osotara 202 bazkide ditu elkarteak. Bertako kideek salatu dute 1975. urtetik erabiltzen duten udalaren lokaletik bota nahi dituela Azueloko alkateak. Sinadurak biltzen ari dira lokalean geratu ahal izateko.

Elkarteko kideek nabarmen dute herriko kultura sustatzeko “lan handia" egiten dutela, eta “oso aktibo” dagoen elkarte bat dela. Denetarik egiten dute elkartean; hala noa ekintza kulturalak eta sozialak, edo aisialdiari eta ingurumenari loturikoak. Horrez gain, udalaren finantziaziorik gabe herriko zenbait eraikin birgaitu dituzte, horien artean eskola zaharra. Bertan, kultur etxe bat egin dute, eta besteak beste, ludoteka eta liburutegi bat sortu dute.

1975. urteko urriaren 29an udalak eskola zaharra “oso egoera txarrean” eman zion elkarteari doanik, elkartea desegin arte erabili ahal izateko. Ordutik, gauza asko egin dituzte lokala atontzeko; berogailua jarri, barra, zorua aldatu, sukaldea egin, eta beste. Elkarteko kideek hitzarmenarekin jarraitu nahi dute, baina udalak esan die urte bete gehiago erabili dezaketela eta 4.200 euro ordaindu behar dituztela.

Horrez gain, salatu dute azken urte eta erdian udalak 200.000 euro gastatu dituela kultur etxe bat egiteko. Bertan, taberna bat dago, eta elkarteko kideen arabera, udalak doanik uzten dizkio taberna, etxe bat eta mandioa tabernako hornitzaileari. Horrez gain, hilabetean 400 euro ematen dizkio hornitzaileari. “Bakarrik astean bi egunetan irekitzen du, eta ez du deus ordaindu behar, guk aldiz, egunero irekitzen dugu, eta 4.200 euro ordaindu behar ditugu”, salatu du elkarteak.

Gaineratu du Azuelo “eredu” izan dela beste herrientzat: “Despopulazioa pairatu arren, bizirik mantentzeko lanean dabilen talde indartsu bat gara”. Izan ere, auzolanean oinarritzen dira.