argia.eus
INPRIMATU
Azterketarik egin gabe ikasle guztiek ikasturtea gainditzea eskatu dio Ikasle Sindikatuak Espainiako Gobernuari
  • Egungo egoerak nahikoa bermerik ematen ez duela iritzita, azterketarik ez egitea, denek ikasturtea gainditzea eta oinarrizko edukiak hurrengo ikasturtean berreskuratzea eskatu dio Espainiako Estatuko ikasleen sindikatuak (Euskal Herrian ordezkaritza duenak) Hezkuntza Ministerioari. Asteazken honetan biltzekoa da Espainiako Gobernua erkidegoetako ordezkariekin, ikasturtearen amaiera erabakitzeko.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko apirilaren 07a

Baliabide teknologiko nahikorik ez dutelako edo etxeko egoerak ahalbidetzen ez duelako, gazte ugari ez dira ari aukera berdintasunean, eta horregatik, ezin da inor ikasturtea gainditu gabe utzi. Hala uste du Ikasle Sindikatuak, eta 2020-2021eko ikasketa-planak berrantolatuz gero, konfinamenduagatik airen geratu diren oinarrizko edukiak orduan berreskuratu daitezkeela dio.

Azterketak bertan behera uzteaz gain, sindikatuak nahi du unibertsitatera sartzeko kontuan hartzen diren kalifikazioak aintzat ez hartzea eta denontzako plaza nahikoa bermatzea unibertsitatean bakoitzak nahi duen karrera egin dezan.

Bestelako eskaera batzuk ere egin ditu, publikatu duen manifestuan. Hala nola, bigarren seihileko matrikula unibertsitarioaren dirua itzultzea, Lanbide Heziketako praktikak egin nahi dituztenek tasak berriz ez ordaindu behar izatea, eta hezkuntza publikoa erreskatatzeko berehalako plan bat martxan jartzea (murrizketarik ez, ratioak jaitsi, beka kopurua handitu, arrakala digitalari aurre egin…).

Manifestuarekin bat egiten dutenen sinadura bilketa abiatu dute.

Bilera Gobernuaren eta erkidegoen artean

Asteazken honetan, erkidegoetako ordezkariak bilerara deitu ditu Espainiako Gobernuak, ikasturte amaiera antolatzeko. Unibertsitateetan ez da ikasturte honetan aurrez aurreko klaserik izango, baina beste mailetan zer egingo da? Nola ebaluatuko dira ikasleak (ebaluatu behar direla erabakiz gero)? Errepikatu ahal izango dute ikasleek ikasturtea? Selektibitatea mantentzen jarraituko dute? Galdera asko dago oraindik itxi gabe.