Seaskako Bernat Etxepare lizeoko ikasleek mobilizaziorako deia luzatu dute maiatzaren 17rako. Guztien arteko sarea irudikatzeko asmoz, ekimenen aipamena Interneten #EuskarazIkasiMatxinada eta #EuskarazBiziMatxinada traolekin zabaltzeko eskaera egin diete.
Elkarretaratzeak, manifestazioak, bide blokeoak, une zaratatsuak, kalejirak ala beste: bakoitzak bere modura, baina denak azterketak euskaraz pasatzearen alde. Horra, maiatzaren 17rako Bernat Etxepare lizeoko ikasleek irudikatu duten ekimen berria. Aurtengo Korrikaren kari egindakoa errepikatuz, Euskal Herri osora zabaldu dute azterketak euskaraz pasatzeko eskubidearen adeko mobilizazioa.
Beste behin ere baxoa frantsesez pasa beharko duten honetan, ondoko mezua zabaldu dute: "Noiz arte onartuko dugu mespretxu hau gure hizkuntzarekiko? Aski da errateko tenorea da, herri bat aitzinean dutela erakutsi behar diegu, herri bat bere hizkuntza babesten". Ikastola, ikastetxe, elkarte, herri mugimenduko eragile eta euskaltzale orori luzatu diete mobilizaziorako deia. "Gure txikitasunetik ezinezkoa zaigu Euskal Herriko bazter guzietara heltzea, baina bazter guzietan badira euskaldunak gure zauria bere egin dutenak, Korrikan erakutsi zeniguten bezala", irakurri daiteke ikasle asanbladaren agirian.
Egunean bertan, sare sozialen bidez osatuko lukete guztien arteko sarea, eta horretarako #EuskarazIkasiMatxinada eta #EuskarazBiziMatxinada traolekin zabaltzeko deia egin diete mobilizatuko diren guztiei.
Hemen mobilizaziorako deia dakarren bideoa: