argia.eus
INPRIMATU
Azterketak euskaraz pasatzearen alde, urteko lehen ekintzak ostiralean
  • Baionan, Kanbon, Donapaleun eta Donibane Lohizunen eginen dituzte elkarretaratzeak urtarrilaren 14an.

ARGIA @argia 2022ko urtarrilaren 13a

Abenduko Frantziako Hezkuntza ministerioaren zirkularrean zehazturik da "baxoko proba batzuk eskualdeetako hizkuntzetan pasatzen ahalko" direla. Orduz geroztik, ordea, ez dute zehaztapenik jaso murgiltze eredua hizkuntza gutxitu batean bideratzen dabiltzan ikastetxeek. Hori horrela, hitzen gauzapena aldarrikatzeko mobilizatuko dira Seaskako ikasle, irakasle eta gurasoak.

Urte garrantzitsua da aurtengoa Seaskaren arabera: "Denbora pasatzen utzi gabe, azterketen garaia gainean dugunez, eta aurten hauteskunde urtea dela kontuan izanik, erantzunak lehenbailehen izatea ezinbestekoa dugu". Aurten –bai ala bai– azterketak euskaraz pasatzea dute helburu.

Urte gatazkatsua izan zen 2021a, hizkuntza gutxituetan bideraturiko murgiltze ereduari dagokionez. Azkenean, abenduko zirkularrak argitzen digu hizkuntza gutxituen murgiltze irakaskuntza "posible" dela, frantsesaren eta hizkuntza gutxituaren "maila bereko ezagutza" bermatzen baditu. Baxoan ikasgai batzuk tokiko hizkuntzan pasatzeko aukera izanen dela zehazten du testuak, 2017ko zirkularrean ez bezala. Haatik, ez dago brebetaren aipamenik.

Baionan Euskararen Erakunde Publikoaren aitzinean elkartuko dira; Kanbon eta Donapaleun Frantziako Estatuko zerga etxearen aitzinean; 18:30ean izanen dira hiru mobilizazioak. Donibane Lohizunen autobus geltokian batuko dira 18:00etan.