Azterketak euskaraz eskatzeko Baionako Hezkuntza Ikuskaritzaren egoitza blokeatzen ari ziren ikasle, irakasle eta gurasoen aurka egin du Poliziak, gas negar-eragilea erabiliz.
Baionako Hezkuntza Ikuskaritza okupatzeko asmoz bertaratu dira asteazken arratsaldez Seaskako hainbat irakasle, ikasle eta guraso. Azterketak euskaraz egin ahal izateko debekua protestatzeko elkartu dira ehun lagun inguru.
Hain zuzen ere, Baxoko filosofia froga idatziaren lehen eguna izan da asteazkenean, eta horren aurrean adierazpena argitaratu dute Bernat Etxepare lizeoko eta Seaskako lau kolegioetako ordezkariek, naiz.eus-ek jaso duenez, Frantziako Hezkuntza ministerioak Ipar Euskal Herriko ikasleen “eskubideen urraketaren bidea markatzen segitzen” duela salatzeko.
Baionako Hezkuntza Ikuskaritzaren egoitza itxita topatu dutelarik sarrera blokeatzea erabaki dute, eta hainbat lagun atera kateatu dira. Polizia agertu eta protestariak banan-banan kanporatzen hasi da, kargen ondorioz hainbat zauri eraginez. Jendea sakabanatzeko gas negar eragilea ere erabili dute.
Poliziak banan bana kanporatzen ditu buraso eta erakasleak okupazio lekutik. pic.twitter.com/2xvFJDKOVR
— Euskal Irratiak (@euskalirratiak) June 15, 2022
Iaz abiatutako desobedientziarako bideari heltzen diote Ipar Euskal Herriko irakasle eta ikasleek, hizkuntz eskubideak aldarrikatzeko. Esaterako, duela egun batzuk Seaskako irakasle talde batek Brebeta zuzentzeari uko egingo ziotela aurreratu zuten.