argia.eus
INPRIMATU
‘Azpitituluak.eus’ atarian, are eta telesail eta pelikula gehiagoren azpidatziak euskaraz
  • Urte berriarekin batera, berrikuntzekin datorkigu webgunea: CodeSyntax enpresa izango da arduraduna aurrerantzean. Datozen asteetan eduki berriak gehituko dituzte.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2019ko urtarrilaren 04a
CodeSyntax-en lantaldea / Argazkia: CodeSyntax.com

CodeSyntax arduratuko da aurrerantzean Azpitituluak.eus webguneaz. Iragarri berri dutenez, ataria berritu eta eduki berriak gehituko dituzte: gutxienez, 100 filmen azpidatzi berri eta telesail ezberdinen beste 50 atal. Berrikuntzen artean, aipagarrienak HBOren Game of Thrones telesailaren azken denboraldi emititua –euskal kostaldean grabatua–, Mr. Robot-en hirugarrena eta Billions eta Babylon Berlin telesailen lehen bi denboraldiak.

2008an jaio zen Azpitituluak Euskaraz proiektua Luistxo Fernandezen eskutik. Hamarkada batez Open Data Euskadiren eta Filmazpit-en ahaleginei eta azpidatziak eginez ekarpenak egin dituztenei esker bizi izan dira. Iaz, baina, euskara sustapenerako diru-laguntzetara aurkeztu eta berriki jakinarazi dute CodeSyntax enpresak hartu duela atariaren gestioaren ardura. Hala, egungo azpidatzi horien sinkronizazio eta informazio fitxak osatzeaz gain, enpresak ardura hartzen du atariak ahalegin komunitario gisa funtzionatzen jarraitzeko: erabiltzaile batekin erregistratuz gero, azpidatzien eta filmen azpidatziak kargatu ditzakete boluntarioek.

Lehengo antzeko eran jarraituko du, beraz, webguneak. Fitxetan erantzun egin dezakete kontsumitzaileek, baita webguneko albistegietan parte hartu ere. Orain, Azpitituluak.com zena Azpitituluak.eus bihurtu da, baina webgune zaharreko estekak berbideratuta daude.

Nazioarteko arrakastatsuenak, euskaraz

Pelikula esanguratsuen euskarazko azpitituluez goza daiteke Azpitituluak.eus webgune berrian. Star Wars-en pelikula guztiak eskuragarri daude, eta baita Acopalypse Now, The Wolf of the Wall Street, The GodFather eta Citizen Kane ere.

Bestalde, zenbait telesail interesgarri ere badaude, nahiz eta ez atal guztiak: Black Mirror, Breaking Bad eta Fargo, besteak beste.