argia.eus
INPRIMATU
Berdesia
Azpiegitura handiz inguratutako Tafallari arnas emateko gune berdea
  • “Mota askotako azpiegiturek gurutzatzen dute gure herria: autobiak, gasbideak, AHTak, goi tentsioko lineak, barianteak… eta horri, gainera, herriguneraino iristen diren nekazaritzako lur intentsibo industrialak gehitu behar zaizkio”. Horrela deskribatu du Tafallako egoera Mauricio Olite Arizek, Berdesia elkarteko lehendakariak. Inguru ez oso osasuntsu eta paisajistikoki gogor batean bizi zirela ikusita, zerbait egiteko beharra sentitu zuen herritar talde batek 2016an, eta Berdesia proiektua abiatzea erabaki zuten. Helburua, barrera moduan funtzionatzen duten azpiegitura horien mugen barruan, behintzat, "biodibertsitate handiko babes berdea" eraikitzea da. Baso perimetrala deitzen diote gune horri.

Garazi Zabaleta 2022ko uztailaren 14a

400 hektareako gunea hartzera iritsi nahi du Berdesia proiektuak. Tartean, gehiena lur komunalak dira, baina badira partikularrak ere. “Gune barruan basoa eta landaketa tradizionalen mosaiko moduko bat egin nahi ditugu, ekoizpen ekologikoa ere bultzatuz”, dio Olitek. Eremu berdea dibertsifikatua izatea nahi dute, basoaz gain baratze txikiek ere bere tokia izatea. “Gaur egun bertako nekazaritza lur ia guztia zerealek hartzen dute, eta hori pixkanaka dibertsifikatzea eta labore eta ekoizpen modu tradizionalak bultzatzea ere bada gure asmoa: intxaurrak, gereziak eta bestelakoek bere tokia izatea nahi dugu”, gehitu du.

Duela bost urte mintegia sortu zuen elkarteak abandonatutako udal instalazio batzuetan, baso perimetralerako landareak bertan hazteko. “Auzolanean ateratzen gara noizean behin ezkurrak eta bestelako haziak biltzera, eta mintegian landareak hazten ditugu boluntariook, gero horiek landatzeko”. Artea eta erkametza dituzte batik bat, bertako basoaren oinarri baitira horiek, baina arbendolondoak, astigarrak eta bestelako espezieak ere erabili dituzte; guztira, 18. Momentuz, partzela txikietan banatutako 14 hektarea ditu gune berdeak, eta 12.058 zuhaitz landatu dituzte bertan, 28 auzolan egunetan. “Herritarren parte-hartzea oso garrantzitsua da proiektu honetan. Ikastetxeekin eta herriko elkarte eta talde guztiekin ari gara elkarlanean: jubilatu elkarteak, gazteenak, mendi taldeak, feministak, merkatarien taldea… guztiek hartu dute parte landaketetan”, dio.

Etorkizunari begira, baina gaurtik ekinez

Proiektu txiki batetik estrategia oso izatera pasatu da azken bi urteotan Tafallakoa. Elkartea, udalarekin eta Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean "Berdesia estrategia" lantaldearen parte da. Etorkizunera begirako ekintza, proiektu eta helburuak zehaztu dituzte estrategia horren baitan, eta laguntza ekonomiko eta teknikoa ere jaso dute. “Gure proiektua utopiko eta anbiziotsua bada ere, ez genuen etorkizunean lurrak lortzera mugatu nahi, gaurko egunetik ahal dena egitea da gure ideia: udalarekin eta lurjabeekin elkarlanean, lurrak uzten dizkiguten heinean landaketak eginez”, amaitu du.