“Proiektu txikitzaileen” aurkako bizikleta martxa egin dute asteburuan Euskal Herrian barrena, “lurra kinkan badator txirrinka” lelopean. Txirrinka ekimenak igandean itxi zuen protesta egitaraua, Angiozarren. Gisako azpiegiturak bultzatzeko erabilitako errekurtsoak jendearen zerbitzura jartzeko exijitu dute, besteak beste.
Lau zutabe eratu zituzten parte hartzaileek eta igandean egin zuten bat Bergaran, Angiozarren amaitu zen manifestazioari ekiteko. Angiozar esangura handiko herria da AHTren aurkako mugimenduentzat, bertan egin baitzuten proiektuaren aurkako lehen ekimena duela hamabost urte. Amaiera ekitaldian bizikleta martxaren lau lekukoek zeramatzaten mezuak irakurri zituzten: Jasone Mitxeltorenak, Fredi Paiak, Juan Ibarrondok eta Amaia Agirrek idatzi dituzte mezuok.
“Lurra eta pertsonak begirunez tratatzen dituzten lan eta bizi harremanen” defentsan jarduteko erabakia berretsi dute eta egungo eredua kritikatu: “Bizimodu industrial eta estresatuaren isla diren azpiegitura kaltegarriak eraikitzean, lurrari zauriak eragiten dizkio gizakiak”.
Azpimarratu dute energia, garraio eta kontsumo “azpiegitura kaltegarriek” ahanztura ere eragiten dutela, “memoria historikoa lapurtuz”. Gaineratu dute horrek eragina duela etorkizuneko norabidean: “Nekez eraikiko dugu etorkizuna gure iragana ezagutu gabe”.
“Prekarietatea eta bazterketa inoiz baino gehiago” zabaltzen ari den bitartean, dirua “azpiegitura txikitzaileetan” gastatzea deitoratu dute. Beren esanetan, elkarren zaintza jarri beharko litzateke bizi ereduaren erdigunean, “lurrarekiko menpekoak garela ahaztu gabe”.
AHTri berebiziko sinbolismoa eman badiote ere, Euskal Herriko “proiektu suntsitzaile” guztiei egin diete kritika: “Azken urteotan azpiegitura erraldoien plangintza eta eraikuntza amorratua izan da: garraio politika itxuragabea (AHT, autobide sarea, aireportuak…), energia gainezartzea (Garoña, zentral termikoak, frackinga, goi tentsio lineak…), uraren eta beste baliabide batzuen metaketa neurriz gainekoa, zaborren tratamendu kutsakorrak…”.
Sare sozialetan ere presente egon da ekimena:
Norberak badu bere haria korapilo honetan @txirrinka2016 #angiozar #aht pic.twitter.com/MKCECprB6h
— Ander Bolibar (@demonocrazy) May 22, 2016
Lekuko aldaketa #txirrinka-n. Gora borroka feminista! @txirrinka2016 pic.twitter.com/W6TzmcGu6T
— Ahotsa.info (@AhotsaInfo) May 21, 2016
Lau zutabeen elkargunea orain Bergaran#txirrinka @AhotsaInfo @naiz_info @berria @piztu_info @topatu_eus pic.twitter.com/0alFw3YFm0
— Txirrinka (@txirrinka2016) May 22, 2016
Angiozar
Manifestazioa
Orain ekitaldia eta bazkari herrikoia@AhotsaInfo @berria @naiz_info @piztu_info pic.twitter.com/exlMYtR2a1
— Txirrinka (@txirrinka2016) May 22, 2016
pic.twitter.com/6XN1AuBFeX #txirrinka ,oinez,kotxian,bukaera ederra Angiozar aldian! #lurra bakarra dalako,laga behingoz erasotzeai! #ahtrikez
— Maite Aristegi (@MAristegi) May 22, 2016